euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Londresko koru bat enpresen arteko lehiara aurkeztu da Laboaren "Txoria txori" abestiarekin; entzun ezazu

2016/01/29

Maite Aguirre bilbotarra BLP enpresaren korua zuzentzen
Maite Aguirre bilbotarra BLP enpresaren korua zuzentzen

PUBLIZITATEA

Londresko Berwin Leighton Paisner enpresako korua Erresuma Batuko "Office Choir of the Year" lehiaketako finalean sartzeko puntuan izan da 2015eko abenduan, Mikel Laboa eta Joxanton Artzeren "Txoria txori" abestiarekin. Deloitte enpresako koruak irabazi zuen azkenean finalerako tokia, baina BLPko koruaren zuzendaria, Maite Aguirre, pozik agertu da egindako bidearekin. "Bilbotarra naiz eta ilusio egiten zidan ingelesak euskal kanta euskaraz abesten jartzea", esan dio EuskalKultura.com-i.  Ezta meritu makala!

Londres, Ingalaterra. Erresuma Batuan ohitura da enpresetan koruak sortzea, langileen arteko harremanak hobetzeko eta lanez kanpoko jarduerak sustatzeko. "Office Choir of the Year" lehiaketak urtero aukeratzen du koru horien arteko onena, eta aurten, finalean sartzeko puntu puntuan izan da "Txoria txori" abesten zuen koru bat.

Guk Twitter bidez jaso genuen koruaren bideoa eta abesti honen aukeraketa bitxiaren atzean Maite Aguirre bilbotarra topatu genuen. "2008an etorri nintzen Londresera masterra ikastera, eta orain hemen bizi eta lan egiten dot, pianista eta zuzendari moduan. Musika akademia bat daroat", azaldu digu. "Londresen nahiko normala da koroak lantegietan sortzea, eta neure koroa horrelako bat da. Danak dira abokatuak eta astehelen eguerdian ordu bat ensaiatzen dogu. Neu profesionala naiz baina haiek ez"

Koruak dagoeneko lehiaketa bat irabazi zuen iaz, Legal Harmony izenekoa. 2015  azkenean "Office Choir of the Year" finalera pasatzeko lehian bideo bat grabatu behar zuten You Tubera, eta horretarako Laboaren "Txoria txori" aukeratu zuten. "Javi Busto euskaldunaren arregloekin abestu genuen. Barriendo para casa, esaten dena!".

Zalantzarik gabe abesti mitiko eta kuttuna euskaldunen artean, eta ederra letra ulertzen duen edonorentzat. Baina nola hartu zuten ingelesek? Ba bideoan ikus daitekeenez, gustora asko!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia