Londres, Ingalaterra. Aurrera doa London Basque Society Euskal Elkartearen online programazioa: ostegun honetan, azaroaren 12an, bertsolaritza tailerra Oihana Iguaran bertsolariaren eskutik. Eta datorrenean, azaroaren 20an, ostirala, Transgeneroen Oroimenaren Egunarekin (Transgender Day of Remembrance) bat eginez, “Mi Pequeño Gran Samurai” (2019) filmaren emanaldi eta debatea, Liverpoolgo Unibertsitateko Hizkuntza eta Kultura Modernoen Departamentuko Euskal Ikasketa Taldea lankide. Gogora dezagun dokumentalak 16 urte zituela eta transiziorako mediku-sostenguaren zain zegoela bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi mutiko trans ondarroararen istorioa kontatzen duela. Ekairen grasoak eta kolektiboko kideak partaide.
Bi ekitaldiok Londresko Euskal Elkarteak pandemia garai honen karietara indarrean ipini duen online programaren baitakoak dira. Partaidetza libre eta doakoa da eta parte hartzeagatik elkarteko bazkidetza oparitzen dizu EEak, doanik, zure presentziarekin euskal etxe honen jarduna indartu eta laguntzen duzula.
Aipa dezagun, aste honetako ekitaldiaz, tailerreko koordinatzaile Oihana Iguaran (Amasa-Villabona, 1991) ingelesa menperatzen duen pertsona dela eta aritu izan dela bertsolari Diasporan, esaterako, Estatu Batuetako euskal etxeetan edota (ikus hemen) Nevadako Elkoko National Cowboy Poetry Gathering ekitaldian, baina baita ere Argentinako euskal etxe eta hirietan, 'Bertso Pilota' ikuskizunarekin.
Bi ekitaldiak 19:00etatik 20:30etara izango dira.
- Bertso saioan parte hartzeko, aski duzu emaila bidaltzea eventslondonbasque@gmail.com helbidera, adieraziz zure izen-deiturak, herri-herrialde eta nazionalitatea, doanik elkartekide bilakatuz
- Zinema eta ondoko solasean parte hartzeko, hemen egin dezakezu
London Basque Society - Euskal Elkartea:
Webgunea: http://www.zintzilik.org
Facebook: https://www.facebook.com/Londonbasqe
Twitter: https://twitter.com/ldnbasque
Egin zaitez bazkide -become a member