euskal diaspora eta kultura
2011/09/14
PUBLIZITATEA
Londres, Ingalaterra. Indartsu hasiko du aurten ikasturtea Londresko Euskal Etxeak, eta ikastaro eskaintza ari da jada prestatzen (tartean euskara, dantza eta txalaparta). Horrez gain, Londresko euskaldunen udazkeneko lehen hitzorduak Mikel Markez kantaria izango du protagonista. Irailaren 24ean kontzertua emango du Markezek Hackney-ko Haggerston Community Centre aretoan, Euskal Etxeak antolatuta. Lan berria ari da prestatzen kantari errenteriarra --'Hiri hartan izan zen' izenpean-- eta disko horretan argitaratuko dituen abesti berriak entzuteko aukera izango dute elkarteko kideek eta kontzertura biltzen diren lagunek.
Mikel Markez (Errenteria, 1971) hamabost urtekin hasi zen kontzertuak ematen eta kantuak idazten. Harrezkero 8 disko plazaratu ditu eta 1.500 kontzertu baino gehiago hemen ditu Euskal Herrian. Nazioartean Europan, Kuban, Argentinan, Venezuelan eta Estatu Batuetan aritu da, besteak beste. Ez zen lehena, baina iaz bertan bira egin zuen AEBetako euskal etxeetan barrena, Erramun Martikorenarekin batera.
Mintzapraktika
Udan zehar ez da geldirik egon Londresko Euskal Etxea eta uztailean San Ferminak ospatzeaz gain, abuztuaren 27an 'Pipar Festa' izeneko ekitaldia egin zuen (ikus bideoa, hemen). Horrez gain, Euskal Etxeak Udako '1go Mintzapraktika' izeneko jarduera ere egin zuen, eta, euskara praktikatzeko asmoarekin, elkarteko hogei bat lagun Whitstable izeneko kostaldeko herrian urtero egiten den Oyster Festival (ostren jaia) delakora joan ziren.
Eguraldia motela izan zen baina hondartzara jo eta zirkuluan jarrita euskara praktikatzen hasi ziren gazteak. "Aurkezpenak egiteko pilota gure artean pasa eta izenak esaten hasi ginen: Kaixo, ni Naiara naiz eta Sopelakoa naiz, Kaixo ni Unai naiz eta Gasteizkoa naiz, Kaixo, ni Jagoba naiz eta Enfield-ekoa naiz...", azaltzen dute mintzapraktikan parte hartu zuten lagunek.
[Aurkezpenak egiten Whitstable-eko hondartzan (argazkia LondonEE)]
Ondoren bazkaria egin zuten, Jonek eta Agurtzanek prestaturiko tortilla ogitartekoekin (bezperan Geroa, Agur eta Ibon jo eta su ibili omen ziren tortilla egiten). Bazkalostean Whitstableko historia ikertu eta elkarri euskaraz kontatzen aritu ziren partehartzaileak. Kenteko kostaldean dago herria eta bertako jarduera historikoa ostrak jasotzea izan da. Egun turista asko hartzen ditu, batez ere Oyster Festival delakoaren garaian.
[Jone eta Agurtzane ogitartekoak prestatzen (argazkia LondonEE)]
Historia lezioaren ostean beste joko batekin praktikatu zuen taldeak euskara: galderak egin, eta erantzuna asmatzen ez zuenak... zapatak kendu eta itsasoan bainatu behar zuen! Egunari bukaera emateko taldekideek herriko pub batean garagardo bat hartu eta euskararen alde topa eginez ilunabar ederra ikusi zuten.
Esperientzia ederra izan zen eta bigarren mintzapraktika ari dira prestatzen jada, adierazi dute euskal etxetik.
[London Basque Society elkartearen ikur erraldoia Whitstable-eko hondartzan (argazkia LondonEE)]
[Pubean garagardo 'pint' bat hartzen bukatu zuten eguna elkarteko kideek (argazkia LondonEE)]
-Informazio gehiago Londresko Euskal Etxearen webgunean, hemen
Mikel, ze pirata itxura daukazun!!!
miresle batek, 2011/09/15 10:41
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus