euskal diaspora eta kultura
2012/05/23
PUBLIZITATEA
Londres, Ingalaterra. London Basque Society elkarteak ateak irekiko dizkio bihar Erresuma Batuan errefuxiatu ziren Gerrako Umeen lekukotzari, Susana Sabin Fernandez historialariak emango duen hitzaldi bati esker. Ikerlari bizkaitarra Ingalaterran bizi da eta gerrako haur horietako baten alaba da. Bere ama 1937an Santurtzitik atera zen Habana ontzian heldu zen Ingalaterrara, gerra zibiletik ihesi eta gurasoak Euskal Herrian utzita. Haur horietako askori esperientzia horrek bizitza errotik aldatu zien, "onerako edo txarrerako".
Habana, Southampton-go portura heldu zenean Erresuma Batuko komunikabideen arreta deitu zuen, baina ondoren ume hauen historia ahaztu egin zen neurri handi batean, nahiz eta asko eta asko bertan gelditu ziren betirako. Sabin Fernandez-ek euren esperientziak Erresuma Batuko gizartean izan duen oihartzuna aztertu du, eta ume hauen nortasunean utzi zuen arrastoa ikertu du. Egun euskal zein britaniar sentitzen dira --"bi gizarteetan funtzionatzeko gai dira" dio Sabin Fernandezek-- eta, aldi berean, batean zein bestean atzerritar.
75. urteurrena
Sabin Fernandez-ek Gerrako Umeen taldeak jaso dituen omenaldiak ere aztertu ditu. "Erresuma Batuan gai honek ez zuen inolako oihartzunik izan urte askoan, eta ikerketa hasi nuenean, 2006ean, ume horietako askok "ahaztuak" izena ematen zioten taldeari", azaldu digu historialariak. Basque Children of '37 elkarteak eta gaiaren inguruan egin diren zenbait dokumentalek haur hauen esperientzia argitara ekartzen lagundu dute azken urteetan. Euren etorreraren 75 urteak bete dira aurten eta, hori dela eta, ekitaldi asko egin dira, hil honetan bertan, Ingalaterran. Omenaldi eta ekitaldi horiei buruz ere mintzatuko da Sabin Fernandez hitzaldian.
Hitzaldiaren izenburua "The Basque refugee children of the Spanish Civil War" da eta gaur arratsaldeko zazpietan hasiko da Oxford House-eko Kafetegian (Derbyshire Street, Bethnal Green, London E2 6HG), London Basque Society euskal elkarteak antolatuta. "Berrogei minutuko aurkezpena egingo dut eta ondoren gaiari buruzko galderak erantzun, eta solasalditxoa izango dugu. Irrikaz nago, eztabaida oso interesgarria izango dela uste baitut", azaldu dio ikerlariak EuskalKultura.com-i.
-Liburua erosteko, jo hona (idatzi 'memorialisation' hitza lehioan)
-Basque Children of 37' Association UK elkartearen webgunea
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus