Londres, Ingalaterra. Ez da hau kezka berria, bereziki Euskal Herriko bikote gazteak dauzkaten munduko euskal etxeetan: kalean eta eskolan erdara bat nagusi duten testuinguru batean, etxeko hizkuntza daukaten euskarari nola arnas apur bat eman, batez ere euskarari aisialdi dimentsio bat emanez eta euren edineko lagunekiko jolas eta harremanen hizkuntza bilakatuz, aukera hori eskainiz bederen, tarteka ez bada ere.
Proposamena Londresko Euskal Elkartearen eskutik dator eta uda ondoren nahi da abiarazi. Arduradunek iragarri dutenez, "urritik aurrera, umeentzako euskara praktikatzeko aisialdi talde bat antolatzeko asmoa dugu hilean behin". "Ekimen hau, Londresen eta Ingalaterra hegoaldean bizi diren ume euskaldunen euskara sustatzeko egitea pentsatu dugu, ez baita erraza gurasoekin bakarrik hitz egiten den hizkuntza bati umeek behar den adinako jarraipena ematea, hizkuntza hori hitz egiten ez den tokian", aitortu dute, arazo definituz, baina aldi berean egiten duten proposamena planteatuz.
"Islingtongo eskola batean izango da, eguerdiko 12etatik arratsaldeko 4etara, bestelako xehetasunak zehazteke". "Euskara irakaslea eta adinei egokitutako aktibitateak izango dira".
Hauxe proposamena. Zeu kasu honetan bazaude edo honetan interesa izan dezakeen gurasorik ezagutzen baduzu, idatzi mesedez ahal eta lasterren londonbasquesociety@gmail.com helbidera.
Guztien sostengua mereziko lukeen aktibitate eta proposamena izan daiteke. Baita bestela ere laguntzeko ere, edo zure euskal etxeko eskarmentu edo materiala partekatzeko. Aldez aurretik mila esker.