Londres, Ingalaterra. Datorren larunbata ospakizun eguna izango du Londresko euskal komunitateak, bertako euskal etxea, London Basque Society Euskal Elkartea, 25 urte betetzen ari baita eta egun horretan deitu baititu bazkide eta ingurukoak musika lagun ospatzeko. Zalantzarik ez gertaera berezi honek ospakizun berezia merezi duela eta horregatik antolatu dute Xabi Solanoren zuzeneko kontzertu bat, eguna are gogoangarriagoa egiteko. Emanaldia 17etan hasiko da Goodinge Community Centren eta sarrerak salgai daude online.
Xabi Solano musikaria, hernaniarra (Gipuzkoa) da. Etzakit rock taldean trikitixa jotzen hasi zen. Fermin Muguruzarekin ere jo izan du, eta 2007tik aurrera Esne Beltza taldeko partaide da. Bere abestiak oso ezagunak dira eta gogokoak ditu oso euskal gazteriaren kopuru handi batek, Euskal Herriko eta bere diasporako erromeria eta festen osagai. Ez du hau gainera bere lehenengo aldia Londresen kantari. Hori dela eta, larunbatekoa kontzertu ahaztezina izatea espero da.
Euskal festa on guztietan bezala, musika onarekin batera janari ederra ere egongo da. Oraingo honetan, gainera, Zooteek-en produktuak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Zooteek gourmet produktuak Euskal Herritik Britainia Handira inportatzen dituen enpresa bat da. Ez galtzeko moduko jaia izango da, dudarik gabe, lagunekin elkartzeko eta euskal etxearen lehenengo hogeita bost urteak gogoan, datozen hogeita bosten alde topa egiteko aukera paregabea.
Zorionak Londresko Euskal Etxeko lagunok!