euskal diaspora eta kultura
2012/07/13
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Aurten ere Diasporako euskaldunek zirrara handiarekin bizi izan dute San Fermin eguna, urteko hitzordurik nagusienetakoa. Besta hau beti izaten da alaia eta jendetsua, eta aurten gainera, uztailaren zazpia larunbata izanik, lagunak eta elkartekideak biltzea errazagoa izan da.
Larunbatean egin zuten festa London Basque Society-ko euskaldunek eta, aurreko edizioetan bezala, entzierro berezia egin zuten. Horretarako euskal etxe inguruko kale bati izena aldatu eta Estafeta bataiatu zuten, bertan korrikaldi batzuk eginez. Ondoren, auzoko tabernetan poteo bat egin eta jaia London Fields parkean bukatu zuten, piknik batekin. Txikientzako jokoak, nagusientzat jan-edana... giro ederrean pasa zuten arratsaldea Londresko sanferminzaleek. Euskal Etxeak jaiaren irudiak bildu ditu bideo honetan:
Venezuelako Carabobon Euskal Etxeak berrehun bat lagun bildu zituen San Fermin jaia ospatzeko, 1975ean euskal etxearekin hasi zen ohiturari jarraiki. Urtero legez euskal elkarteak nobillada bat egin zuen eta gazte eta nagusi asko bigantxak toreatzen animatu ziren. Elkarteko lehendakariorde Illargi Uzcangak azaldu zuenez, "horrelako jaiak oso garrantzitsuak dira guretzat, ohiturak mantentzen laguntzen digutelako eta gazteei euren sustraiak ezagutzeko aukera ematen dietelako".
Jaia bazkari batekin hasi zen eta ondoren bost bigantxa atera ziren, bazkideek San Fermini abesten zioten bitartean. Txupinazoarekin batera gazteak sartu ziren zezentokira eta hiru orduz aritu ziren bigantxen aurrean euren kemena erakusten.
[Doi-doi libratu zuen gazte honek bigantxaren iraulaldia, Caraboboko Euskal Etxearen 2012ko Sanferminetan (argazkia CaraboboEE)]
[Elkarteko gaztetxoak ere jaiaz gozatzen, urte batzuk barru bigantxen aurrean jartzeko prest (argazkia CaraboboEE)]
Sydney-n Gure Txoko Euskal Etxeak ehun bat lagun bildu zituen larunbatean eta giro ederrean gozatu zuten San Fermin egunaz. Urtero legez, bazkariaren izarra ajoarriero erara egin zen bakailaoa izan zen eta ondoren, ederki asebetetzeko, txuleta. Jaia goizaldera arte luzatu zen eta Euskal Etxeko frontoian dantzan aritu ziren bazkideak.
[Bazkaria hasi aurreko giroa Sydneyko Gure Txoko elkarteko frontoian (argazkia SydneyEE)]
Azkenik Mexikon, DFko Euskal Etxeak ere ospatu zuen jaia. Lagun asko bildu ziren bertara, elkarteko frontoian zerbitzatu zen bazkarira. Kantu, zozketa eta joko artean pasa zuten arratsaldea, eguna dantza eta musikarekin bukatuz.
[Jaira bildu ziren lagunak Kukuxumuxuk eginiko kartel honetan atera zuten argazkia (argazkia MexikoEE)]
[Bazkalostean elkarteko bazkide nafar ezagunek San Fermini abestu zioten, Iruñean entzierroa hasi aurretik korrikalariek egiten duten bezala (argazkia MexikoEE)]
[Giroa oso alaia izan zen eta gazte askok parte hartu zuten Mexiko DFko Sanfermin festan (argazkia MexikoEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus