euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Londresko Donostia jatetxea hazi egingo da: orain, Lurra izeneko erretegia irekiko dute eta sukaldari bila ari dira

2015/07/13

Donostia jatetxearen kanpoko aldea, Londresko Westminster auzoan (argazkia Donostia.co.uk)
Donostia jatetxearen kanpoko aldea, Londresko Westminster auzoan (argazkia Donostia.co.uk)

PUBLIZITATEA

2012an ireki zen Londresen Donostia jatetxea eta harrezkero bertako euskal sukaldaritzak zaletu fidel asko eta asko bildu ditu. Halakoa da eskaria, jabeak jatetxe berri bat irekitzea erabaki dutela, Donostian sartzen ez zirenei lekua egiteko. Lurra izena izango du eta erretegi edo parrila izango da bere ezaugarri nagusia, Bizkaiko Etxeberri ezagunaren eraran. Uda erdialdean irekiko dute eta orain euskal gastronomiaz dakiten sukaldari eta zerbitzari bila ari dira.

Londres, Inglaterra. Londresko Westminster auzoko Donostia jatetxeak anaia txikia izango du aurki, parean Lurra izeneko jatetxea irekiko baita. Donostiak eskari handia duela eta, jatetxearen jabeek --Nemanja Berjanovic serbiarra, Melody Adams ingelesa eta Tomasz Baranski chef poloniarra-- abentura berri hau hastea erabaki dute.

Nemanja eta Melody ardo inportatzaileak ziren eta Euskal Herrira ezagutu zutenean hango gastronomia Londresera ekartzea erabaki zuten. "Guk ez dugu sustrai euskaldunik, baina duela sei urte Euskal Herria joan ginen ardo berriak dastatzera eta Euskal Herriarekin maitemindu ginen, bereziki Donostia eta Getariarekin", azaldu dute jatetxetik.

2012ko maiatzean Donostia ireki zuten eta jatetxeak harrera oso ona izan du pintxo menuaren formatoarekin. "Baina euskal gastronomian pintxoez gain askoz gehiago dago eta Londresera ekarri nahi dugu hori ere. Gainera, Donostia txiki gelditu zaigu eta askotan jendeari ezetz esan behar izaten diogu, lekurik ez dagoelako", azaldu digu lantaldeko kide Anita Mistryk. 

Parrila eta kalitatezko produktua

Lurran parrila izango da protagonista, Euskal Herriko ikatz eta egur erretegien estilora. "Zaporeak eta usainak errespetatzen dituen tradizioa da eta produktua asko errespetatzen du. Arrain aukera zabala egongo da eta kokotzak hiru eratara egingo ditugu. Gure txuletak ere eskainiko ditugu noski, Basque Vaca Vieja eta Galician Rubia Gallega. Donostian plater berezi gisa ematen ditugu eta arrakasta itzela dute. Itxaron-zerrenda izaten dugu!", azaldu dute.

Produktuari errespetua izango da jatetxearen arau nagusietako bat. "Horregatik aukeratu dugu Lurra izena, gauza naturalak eta autentikoak egin nahi ditugulako. Txuletak, esaterako, guk geuk ekartzen ditugu Londresera, Txuleta.co.uk gure enpresarekin. Eta zeresanik ez, baita ardoa ere. Jatetxearen beheko solairuan ardo dastaketak egingo ditugu".

Oinarrietara buelta

Donostia eta Lurra jatetxeetako lantaldearen esanetan, Londresen kalitatezko produktua eta elaborazio egokia modan daude. "Jendea nekatzen hasia da hainbeste molekular, ke eta aparrarekin, eta oinarrira bueltatzen ari da: haragia eta arraia parrilan, esaterako, hain justu Lurran egin nahi duguna".

Jatetxeak harremana du Londreseko euskal komunitatearekin eta jabeak London Basque Society euskal etxearen zenbait ekitalditan ere izan dira. "Eta asko poztutzen gara geurera etortzen direnean. Gainera, euskaldun dezente izan itugu hemen lanean, bai sukaldari eta baita zerbitzari ere".

Lantalde hori zabaldu egingo da Lurrarekin eta une honetan lanpostuak eskaini dituzte. Hauek dira bete beharreko postuak sukaldean eta jangelan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia