euskal diaspora eta kultura
2013/12/10
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Quebeceko Euskaldunak elkarteak ekitaldi ugari antolatu zituen iragan abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta orain horien berri eman dute, hainbat argazki gure irakurleekin partekatuz. Elkarteko euskara irakasleek --Amaia, Marie eta Amets-- ariketa praktikoa proposatu zieten ikasleei: euskarazko kartelak jartzea Montrealeko karrikatan, frantses itzulpenarekin, horrela hiritarrei Euskararen Festaren berri emateko.
Gazte batzuek New Jersey hiriraino eraman zuten euskararen aldarria, eta beste zenbaitek musikarekin ospatu zuen eguna, klarinetearekin "Agur Jaunak" kantua joz lagunentzat. Ingelesera itzulita kantuak gatza eta piperra galdu zuela diote; euskara ikasi beharko, orduan, abestiaren edertasuna ulertzeko!
[Quebeceko Euskaldunak elkarteko neska honek "Agur Jaunak" jo zuen Euskararen Eguna ospatzeko (argazkia QuebecEE)]
Horrez gain, elkarteak "Bertsolari" dokumentalaren emanaldia ere antolatu zuen, euskaraz, frantses azpitituluekin, eta harrera bikaina izan zuela esan digute. Montrealeko unibertsitateko hizkuntzalaritza eta itzulpengintza ikasle asko bildu omen zen ekitaldira, elkarteko gazteekin batera, eta saioaren ondoko hitzaspertuan, bertsolarien artearekin harrituta gelditu zirela aitortu zuten horietako askok.
Londresen, aldiz, London Basque Society elkarteak Mintzapraktika antolatu zuen bertako ikasleekin, eta sarean ekitaldiko hainbat argazki eta bideo hau utzi digute. Zorionak Londreseko euskaldunak, euskaraz ederki moldatzen zarete eta! Segi horrela!
Mallorcan, Artea Euskal Etxeak Euskal Kultur Asteburu bat egin zuen. Abenduaren 7an euskal dantza tailerra eta "Gazta zati bat" dokumentalaren emanaldia egin zen, eta biharamunean bazkari bat egin zuten elkarteko kideek, euskal kantu eta musikarekin girotua.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus