Londres, Ingalaterra. Sartu berriak garen udazkena basaranak biltzeko garaia da. Eta gogoratu basati hazi ohi diren fruituok Euskal Herrian eta baita gure diasporan ere hainbatek euskal likorerik ezagunena eta preziatuena legez jotzen duten patxarana prestatzeko erabiltzen direla. Hori guztia, eta sasoinean gaudela baliatuz, Londreseko Euskal Etxeak proposamen desberdin egin die bere bazkide eta lagunei, naturarako irteera bat antolatuz, basaranak biltzeko, ondoren 'etxeko patxarana' prestatzeko tailer bat eskainiz..
Irteera datorren larunbaterako deitu dute, irailak 30ean, goizeko 11etan abiatuz. Hampstead Heath-eko overground geltokian elkartuko dira eta proposamena Hampstead Heath-eko paisaia ederretan barrena ibili eta sasoi honetan ugariak diren basaranak biltzea da, naturaz eta pasealdiaz gozatzen duten bitartean. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzari basaranak biltzeko ontzi bat eta vodka botila bat eramatea eskatzen zaio, errezeta berezia izango baita, emaitza dotoreekin, tailerrean azalduko den bezala.
Animatuko zinake zure euskal etxean antolatzera?
Jarduera doakoa da eta bat egin nahi duten guztiei irekia. Pasealdiaren ondotik eta tailerra egin ondoren —patxarana dastatzeko oraindik denbora bat itxaron beharko baitute— nahi dutenek herriko pubean elkarrekin bazkalduko dute. Bertaratzeko asmoa baduzu, adierazi lehenbailehen mesedez formulario hau betez, kalkuku logistikoak hobekien egin ahal izateko, Eguraldi txarragatik jarduera bertan behera utzi behar izango balitz, garaiz jakinaraziko lukete.
Londresen edo gertu daudenentzat ez galtzeko aukera. Eta urruti bazaude, ez al liteke ideia ona zure euskal etxean antzeko zerbait proposatzeko?