euskal diaspora eta kultura
2011/07/20
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Hasi dira heltzen gure erredakziora munduko euskaldunek iragan asteetan egin dituzten San Fermin eguneko jaien berriak eta irudiak. Askok uztailaren 9ko eta 10eko asteburuan ospatu zuten santu nafarraren egun handia, baina beste zenbaitek --Argentinako Bolivarko eta beste leku batzuetako nafar etxeak tartean-- iragan asteburua arte atzeratu dute. Irudiak eta berriak heldu ahala hona jasoko ditugu datozen egunetan.
Egitarau mardulenetakoa prestatu zuen elkartea Mar del Platako Nafar Etxea izan zen, uztailaren 2tik 10era egindako San Fermin astearekin. Programak dantza erakustaldiak, rock kontzertuak, bazkariak eta beste zenbait ekitaldi bildu zituen.
[Mar del Platako Nafar Etxeko dantzari gazteak taulagainean, igandeko San Fermin jaian erakustaldia egin ostean (argazkia MPedersoli)]
Munduaren beste muturrean, Australian, Sydneyko Euskal Etxea jendez lepo bete zen uztailaren 9an, San Fermin jaian onena emateko prest. Partehartzaileak zurigorriz jantzita joan ziren, noski, tradizioak agintzen duen legez, eta 'ajoarriero' erraldoia prestatzen sekulako giroa ekarri zuen sukaldari taldeak.
[Wendy, Sydneyko Euskal Etxeko San Fermin eguneko ajoarriero ederraren aurrean Gure Txoko elkarteko sukaldean (argazkia SydneyEE)]
Mexikon ere, urtero bezala, lagun askok erantzun zioten Euskal Etxeak San Fermin eguna ospatzeko egin zuen deiari eta elkartearen frontoian egin zen jaiarekin eta bazkariarekin ederki gozatu zuten DFko nafarrek zein gainerako bazkide eta lagunek. Eguneko izarra elkarteak prestatu zuen tarta izan zen, Kukuxumuxuko zezen urdin famatua eta guzti!
[Mexiko Euskal Etxeko kideak, tartean Lourdes Arrechea presidentea (ezkerretik bigarrena), tarta zatitzeko prest (argazkia MexikoEE)]
Azkenik, deigarria izan da aurten ere Londresko Euskal Etxeak antolatu duen San Fermin jaia. Iaz egin zuten bezala, Ingalaterrako hiriburuko kale bat hartu eta Iruñeko 'Estafeta' kalearen izena jarri zioten, bertan entzierroa egiteko. Londresko zezenak ez dira Iruñekoak bezain beldurgarriak, eta argi ikusten da bideoan korrikalariek oso ondo pasa zutela. Urtetik urtera jende gehiago ari da biltzen Londreseko "entzierro" bitxia eta hau hasi baino ez dela egin uste dugu! Hona hemen eguneko bideo bat (Londresko Euskal Etxearen kanalean beste bideo batzuk ere ikus daitezke):
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus