Londres, Ingalaterra. Munduko gainerakoek bezala Londresko Euskal Etxeak ere bertan behera utzi behar izan zituen aurrez aurreko saioak birtualtasunera pasatzeko. Euskara eskolak berehala migratu zuten eta aldaketa arrakastatsua agitu zen, Gainerako ekimenak moldatzeko, ordea, jardunbidea bera ere birplanteatu eta "proposamen interaktibo eta egokiak asmatu behar izan ditugu”, azaldu digute Euskal Etxetik. Elkartea emaitza edo programa berria ari da orain aurkezten, Eguberriak arte eskainiko duena: astero hitzaldi edo online jarduera bat.
Horretarako, eta partaidetza bultzatzeko, Londres eta Ingalaterrako jendearena, baina baita ere interesa izan dezakeen edonorena, edonon bizi dela ere, London Basque Society Euskal Elkarteak bazkidetza doan uztea erabaki du. Saio birtualetan parte hartzea doakoa izango da. Hitzordu bakoitzerako aurretik epostaz erregistratzea eskatuko da eta e-mail e-mail horrekin elkarteko kide izateko eskubidea lortuko da, musutruk.
Hona datorren astean abiatuko den ekitaldia sorta, urriari dagozkion saioak:
- Osteguna, urriaren 15ean, “Zergatik hasi zen Liburutegi Britainiarra euskal liburuak biltzen hasiera-hasieratik?” izenburuko hitzaldia, Liburutegi Britainiarreko Bilduma Hispaniarren arduraduna den Geoffrey West hizlari.
- Osteguna, urriaren 22an: Webinar: “Euskara eta islandiera / Euskal-amerindiar pidgina: XVI. mendean euskal baleazaleak Ipar Atlantikora iritsi zirela Islandiako eta Ipar Amerikako bertako jendearekin komunikatzeko sortu zuten pidgina”. Hizlariak Siru Laine eta Peter Baker
- Osteguna, urriaren 29an: “Eton Fives eta Esku Pilota kirolen arteko harremana”. Hizlariak Gareth Hoskins eta Joxemari Mitxelena Cazabon
Hitzaldiak 19:00etan izango dira (Erresuma Batuko ordua, EHko 20:00ak) eta estekak eventslondonbasque@gmail.com helbidean eskatu beharko dira. Posta elektronikoan izen-abizenak eta zein herri/hiritik idazten den jakinarazi behar da. Informazio gehiago, hemen.
-London Basque Society - Euskal Elkartea (elkartearen webgunea)