euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

London Basque Society etorkizunera begira jarri da jarduera eta finantziazio bide berrien proposamenekin

2009/03/18

Txalapartariak Londreseko Korrikaren aurreko edizio batean
Txalapartariak Londreseko Korrikaren aurreko edizio batean

PUBLIZITATEA

London Basque Society elkarteak etorkizunerako berebiziko garrantzia zuen bilkura berezia egin zuen joan den martxoaren 8an. EuskalKultura.com-ek orduan azaldu zuenez, elkartea arazo ekonomiko larria bizitzen ari da eta bazkideek arazo horri irtenbidea bilatu nahian dabiltza. Datozen hilabeteetan elkarteak hartuko dituen neurrien artean besteak beste bazkideek urtean 15 liberatako kuota ordaintzea proposatu zuten bileran. Momentuz, elkartean bizitzak indartsu darrai eta apirilaren 3 eta 4ean laburmetrai emanaldia eta Korrika 16 lasterketaren jaia egingo dituzte.

Londres, Ingalaterra. London Basque Society elkarteak joan den martxoaren 8an egin zuen ezohiko bilkurak parte hartze ona izan zuen, bai bertaratu ziren bazkideen aldetik eta baita ere joan ez baina proposamenak e-mailez edo besteen bitartez bidali zituztenei esker. Erakundea kinka ekomomiko larrian da aspaldion, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarengandik jasotzen zuen laguntza --euskal etxeentzako dirulaguntza deialdien baitan-- gutxitu egin baita azken urtean. 

Egoera zein den ikusirik, elkarteko kideak irtenbideen bila hasi dira jo eta su eta joan den eguneko bilkuran finantziazio bide berriak eskuratzeko proposamen interesgarriak egin zituzten bazkideek. Urtean 15 liberatako bazkide kuota ezartzea proposatu zen, eta finantziazioa eskuratzeko hainbat diru-bilketa ekitaldi egingo dira: afariak, jaiak eta abar. Bestalde Erresuma Batuko erakundeen diru laguntzak ere eskatuko dituzte eta bazkide talde bat dagoeneko webgunerako publizitatea lortzeko ahaleginean ari da. Horrez gain, beste talde bat euskal etxearen jarduerentzako egokia izan daitekeen eraikin baten bila ari da.

Laburmetraiak eta Korrika 16

Zailatsunek ez dute baina Londreseko euskaldunen gogoa zapuzten, eta elkarteak datozen hitzorduen berri eman du jada. Lehena datorren apirilaren 3an izango da, Topagunea elkartearen Film Labur Zirkuituko euskarazko zortzi laburmetraien emanaldiarekin. Orain arte zirkuitu hau Euskal Herrian baino ez da izan ikusgai, baina aurten Erroma, Bartzelona, Parise, Shanghai eta Londreseko euskal etxeei esker mundura ere zabaldu da. Londreseko emanaldiarekin itxiko da nazioarteko emanaldien sorta.

Hurrengo egunean, apirilaren 4ean, Euskal Etxeak Korrika 16 hartuko du, AEK-ko euskaltegiek antolatzen duten euskararen aldeko lasterketa. Berez, lasterketa Euskal Herrian zehar ibiliko da datozen egunetan, apirilaren 5ean Gasteizen bukatu arte, baina munduko euskal etxe askok bat egin dute ekimenarekin eta bakoitzak bere lasterketa txikia eta jaia antolatu du. Jarduera hau klasiko bat Londreseko euskal elkartean, eta aurten ere bazkide eta lagunek bat egingo dute hiriko parke batean euren lasterketa egiteko euskararen alde. Azkenik, aipatu elkarteak txalaparta lantegia hasiko duela berriz, Iñaki Lopez de Luzuriagaren gidaritzapean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia