Erlikia abuztuaren amaieran iritsiko da Vatikanotik Misiones probintziara eta bertako San Ignazio herriko parrokian jarriko da beneragai. Bere hamargarren urtebetetzean, ekintza programa polita ari da garatzen txikia baina kementsua den Mesopotamia argentinarreko Corpus Christiko Eusko Etxea. Azken asteotan burututako aktibitateen artean genealogiari buruzko tailerra eta euskal zinema saioa aipa daitezke.
Corpus Christi, Argentina. Misiones probintzia argentinarrak, misiolari jesuitek guaranien lurraldean ezarritako misioengatik jaso zuen izen hori. Laster, aspaldiko ametsa beteko dute Corpus Christi, San Ignacio eta Misiones probintzia osoko fededunek, Eusko Etxea euskal etxea medio gauzatua; izan ere, Olga Leiciaga buru duen erakundeak, Cesar Arrondoren bitartez, Loiolako Inazio deunaren erlikia bat eskuratzeko aukera izango du, San Ignacio herriko Parrokian ezartzeko.
Leiciagak berak azaldu digunez, “2014an San Ignazioko parrokoak jakinarazi zion gure kide den Adelaide ‘Betty’ Muñoz-i bere eliztarren ametsa, hau da, Loiolako Inazio deunaren erlikia izatea. Asmo honen berri izan bezain laster, berehala egin zituen Cesar Arrondok zegozkien izapideak Azulgo elizbarrutiko eta Jesuiten Ordenekoa den Hugo Salaberry monsinorearekin eta datorren abuztuaren 30ean hemen izango dugu erlikia, San Ignacioko Parrokian beneragai ipintzeko”. Eusko Etxeak esker beroak luzatu nahi dizkie Cesar Arrondo irakasleari, egindako lanagatik, eta modu berezian Hugo Salaberry apezpikuari, erlikia Vatikanotik ekarrarazteagatik.
Genealogia eta euskal zinea
Azkeneko hamarkada osoan egin duen bezala, zintzo jarraitzen du 2015 honetan ere bere urteko egitarauarekin Corpus Christiko euskal etxeak. Gogoratu aurten 10 urte betetzen ari dela Eusko Etxea eta testuinguru honetan, euskal kultura hedatzearren hainbat tresna ematen dituzten bi bisitari jaso zituen joan den ekainaren 27an. Arratsaldean, FEVAren eskaintzaren barne, “Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute” hitzaldia eman zuen Laura Nobile genealogistak.
Ekintza bukatutakoan, eta Carlos Gabilondoren eskutik, Asier eta biok dokumentala ikusi zuten Eusko Etxeko kide eta lagunek. Proiekzioa bukatu eta gero, hitzaldi bizia sortu zen bildutakoen artean, eta agurtzeko, diploma bana eskuratu zieten anfitrioiek hurrenez hurren Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat-eko eta Buenos Airesko Euskaltzaleak euskal etxeetako ordezkariei.