Deialdia, Argentinako euskal etxeei eta euskara irakasten duten erakundeei dago zuzenduta eta diseinuak bidaltzeko epea abenduaren 3an bukatuko da. Lan irabazlearen egileak 360 euro jasoko ditu esku dirutan eta beste 360 bono batean, berak ordezkatzen duen erakundeak material didaktikoan gauza dezan.
Buenos Aires, Argentina. FEVA sustatzaile, 2015ean zehar ospatuko dute Argentinako euskaltzaleek HABEk sustatzen duen Argentinan Euskaraz programaren 25. urteurrena. Urtemugaren irudia aukeratzeko, Logotipo Lehiaketa antolatu du euskal-argentinar federazioak diseinua kolektibitatetik beretik –euskal etxe edota euskara zabaltzeko lana egiten duten instituzioetatik– atera dadin. Lehiaketaren oinarriak hauexek dira:
-GAIA: Argentinan Euskaraz-en 25. urteurrenarekin lotutako ekitaldien komunikazio eta zabalkunderako irudi bat sortzea.
-PARTAIDEAK: Argentinako euskal etxeetako bazkide, irakasle eta ikasleek zein euskara-ikastetxeetako irakasle eta ikasleek har dezakete parte. Banaka edo taldean. Bai pertsonek bai taldeek, nahi adina proposamen aurkez dezakete.
-FORMATO ETA TEKNIKA: Lanak JPG, GIF edo PNG formatuetan aurkeztuko dira. Kolorez eta grisez / zuri-beltzezko bertsioak egin behar dira. Diseinuak formatu ezberdinetara moldagarria behar du izan.
-NOIZ ETA NOLA AURKEZTU: Aurkezteko epea 2014ko abenduaren 3an bukatuko da, Jasoerak aurkezteko aukera Buenos Airesko 23:59ak direla itxiko da. Proposamen bakoitza posta elektronikoz ae25urte@gmail.com helbidera bidaliko da. Hona xehetasunak:
Gaia: Argentinan Euskaraz - 25 urte, Logo- lehiaketa
Eranskinak:
- Logotipoaren proposamena kolorez JPG, GIF edo PNG formatuan;
- Logotipoaren proposamena zuri-beltzez JPG, GIF edo PNG formatuan;
- Testu bat (.doc edo .txt) partaideen datuez: izen-abizenak; telefonoa; helbide elektronikoa; ordezkatzen duen euskal etxe edo euskara-ikastetxearekiko harremanaren ziurtagiria;
- Testu bat (.doc edo .txt) tipografia, kolore, zenbaki eta abarren erabilerari buruzko azalpen laburra emanez
Logotipo-proposamen bakoitza banaka, dagokion dokumentazio osoarekin bidali beharko da.
-SARIA: Sari bakarra egongo da, 360 euro, logo sarituarentzat eta 360 euroko bonoa, bere euskal etxe edo euskara-ikastetxearentzat ikas-materialean erabiltzeko.
-EPAIMAHAIA: FEVAk izendatutako epaimahaiak hautatuko du diseinu irabazlea.
-JABETZA INTELEKTUALA: Egile bakoitzari dagokio jabetza intelektuala. Hala ere, aukeratutako lanaren egileak FEVAren esku utziko ditu lan irabazlearen erabilera, erakusketa, erreprodukzioa, argitalpena edota lehiaketaren xedearekin bat datorren beste edozein erabilera egiteko ahala; FEVAk beraz, egoki deritzon edozein formatutan erabili ahal izango du lan hori. Lehiaketan parte hartzeak atxikita dakar oinarri hauek guztiak onartzea.