euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Llavallolgo Euskal Echea-ren ohiko Euskal Jaia ‘Ostera Birtuala' bihurtu da aurten; animatu eta bidaiatu etxetik!

2020/10/19

2020an Euskal Echea Ikastetxearen Euskal Festa 'Bidaia Birtual' bihurtu da
2020an Euskal Echea Ikastetxearen Euskal Festa 'Bidaia Birtual' bihurtu da

PUBLIZITATEA

Llavallol, Argentina. Berezia da urtero urria Llavallolgo Euskal Echea Ikastetxen, urrian antolatzen baitu urtero bere Euskal Jai handia, eskola jaia. Hitzordua jendetsua ezezik, Argentinako euskal gizataldearen jendetsuenetako bat izaten da –lau mila lagun ere bildu izan ditu ikasleen eta publikoaren artean– eta seguruenik urtero egiten diren ekitaldietan Diaspora osoko azpimarragarrienetakoa izango da, aukera paregabea neska-mutilentzat eta euren familientzat egun polita pasa eta ikasleek erakus dezaten ikasturtean ikasitakoa.

Aurten, ordea, eta pandemiak ezarritako murrizketen ondorioz, ezin izan dute aurrez aurreko jaia egin. Hala ere, eta hutsune handi hori nolabait gainditzeko, ‘Bidaia Birtuala’ prestatu du Ikastetxeak, online bada ere, ikasleak eta euren familiak, etxetik, Euskal Herriko kultur adierazpenetara hurbil daitezen.

Bidaia Birtuala

Bidaia ostegunero argitaratzen ari diren sei bideok osatzen dute eta eskuen hainbat argazkirekin hasten da. Erakundeko eledun Izaskun Ordoqui Urcelayren hitzetan, “Ikasle eta ikasle ohiak, irakasleak, eta familiak bildu nahi izan ditugu gure bidaia honetan guztiok elkarrekin bisita birtuala egiteko Euskal Herriari. Eta ‘eskuak’ hautatu ditugu filologo batzuen arabera ‘eskua’ eta ‘eskuara’ hitzek harreman etimologikoa dutelako. Eta eskuak beharrezko tresnak direlako ekintza eta aukera tekniko eta kulturalak zabaltzeko”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i.

Urrian zehar plazaratzen ari diren bideo horietako lehena hilaren1ean sareratu zen eta ondotik beste bi bideo argitaratu dira, beti ostegunez, urriaren 8an eta 15ean. Lehenengo ‘geldialdiak’ “geografia, arkitektura eta mitologia”ri erreparatu zion eta bigarrenak, “euskara”ri. Aste honetako gaia “gastronomia” izango da eta datozenak ere “oso gustukoak izango ditugu(la)” iragarri dute Ikastetxetik.

Bidaia Birtuala Euskal Echea-ko Zuzendaritza taldearen proposamena izan zen, eta bertako Euskal Kultura eta Arte Departamentuak bideratu du, tartean Izaskun Ordoqui Urcelay bera, Gabriela Bacasun, Aitor Alava Zurimendi, Maria  Begoña Muñiz, Mauro Uranga eta Ignacio Esquiroz.

Bideoak Ikastetxeko sareetan ikus daitezke:

Instagram, euskalecheallavallol
Facebook, Euskal Echea
Youtube, Euskal Echea

Eta baita hementxe ere:


[Lehenengo bideoa, aurkezpen orokorra]


[Bigarren bideoa, “Geografia, Arkitektura eta Mitologia”]


[Hirugarren bideoa, “Euskara”]

Hurrengo bideoa datorren ostegunean etorriko da.



Komentarioak

  • Euskal Echea ondo, baina...

    Eskerrik asko Izaskuni eta lan hau hartu duten guztiei, baina... Euskal Herria aipatzea eta bakarrik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa agertzea, eta esatea Euskal Herriak bi milioi biztanle dituela... Zuzendu beharko zenukete EHko eta Argentinako euskaldun asko eta asko uzten ari zarete kanpoan... Tristetu nau hori ikusteak. Bestela, zorionak!

    Unai Martinez (CABA, Argentina), 2020/10/20 20:28

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia