euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Llavallol-eko Euskal Echea Ikastetxea berrehundik gora gaztetxoren bilgune, FEVAren Ume Topaketa berri batean

2008/11/26

Llavallolen prestatutako jokoetan parte hartu zuten haurretako batzuk, gogor jolasten eta ogi pasatzen (argazkia EuskalKultura.com)
Llavallolen prestatutako jokoetan parte hartu zuten haurretako batzuk, gogor jolasten eta ogi pasatzen (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Urtea amaituz doa, eta Hego Amerikan, urtearekin batera, baita ikasturtea ere. La Platako Euskal Astetik bi aste pasata, elkartu dira berriz ere Argentinako euskaldunak, oraingoan umeei dagokien festan, FEVAk urtero antolatzen duen Ume Topaketan. Partaide, Arrecifes, Ayacucho, Buenos Aireseko Acción eta Laurak Bat, Cañuelas, Chacabuco, Chascomús, General Rodríguez, La Plata, Lomas de Zamora, Maipú, Mar del Plata, Rosario eta bertako --Sarandí eta Llavalloleko Euskal Echea Ikastetxeetako-- haurrak. Guztiek izan zuten jolastu, abestu, dantzatu eta kirola egiteko aukera azaroaren 15an, latunbatez, Llavallolgo Euskal Etxea-ko zelaietan.

Llavallol, Argentina. Eguraldi nahiko kaskarra lagun, goizeko hamarretarako prest zeuden umeak zein jokuen kordinatzaileak ekitaldiarekin hasteko. Haur guztiak bildu eta adinaren araberako taldeak antolatu ondoren, hasteko seinaleak jo zuen eta talde bakoitzak zegokion joko eta kirolen zirkuituari ekin zion. Bost urtetik hamabi urterako 250 bat ume sakabanatu egin ziren zelai osoan zehar eta guztiak ekintza guztietatik, tartean 'sokatira', 'lokotx lasterketa', 'txingak', 'irudiak', 'zaku lasterketa', 'toka', 'traba lasterketa', 'zapi sugea' (mukizapiaren bila), 'goxotegia' (gailetatxo lasterketa), 'jantziak' (ahalik eta azkarren janztea), 'zapatila bila', 'arrastaka' (poltsez arrastaka ibiltzeko lasterketa), batzuk aipatzearren.

Goiza pasatu ahala, eguraldiak hobera egin zuen eta eguerdian, jokoak bukatu ostean, freskagarriak eta hanburgesak eskaini zitzaizkien haurrei, antolatzaileek, FEVAko laguntzaile, euskal etxeetako kide eta gurasoek, prestatutakoak.

"Joan den urtean baino jende gutxiago etorri da", komentatu zioten egunean berean antolatzaileek Euskalkultura.com-i,a"gian eguraldiarengatik edo agian Euskal Astea orain dela oso gutxi izan zelako; jakina baita, euskal etxe batzuek oso ahalegin handia egin behar dutela bidaiak egiteko". Dena den, hamahiru euskal etxetako kideek hartu zuten parte jaialdian, hala nola  Arrecifes, Ayacucho, Buenos Aireseko Acción eta Laurak Bat, Cañuelas, Chacabuco, Chascomús, General Rodríguez, La Plata, Lomas de Zamora, Maipú, Mar del Plata, Rosario eta Llavallol eta Sarandíko Euskal Echea Ikastetxeetakoak. 'Ume Topaketa'k proiektua aurrera segitzen du eta FEVAk dagoeneko datorren urterako gonbidapena bidali die euskal etxe guztiei.

Lotura interesgarriak

FEVAren webgunea
www.fevaonline.org.ar

Euskal Echea eskolen webgunea
www.euskalechea.esc.edu.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia