euskal diaspora eta kultura
2013/11/15
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Etxepare Euskal Institutuak, Liverpoolgo Unibertsitateak eta Manuel Irujoren ondorengoek sustatuta, euskal abokatu eta politikariaren omenezko mintegi bat egingo da Liverpoolgo unibertsitatean hilaren 27an. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Ludger Mees irakasleak, Iban Zaldua idazleak eta Xabier Irujo Ametzagak, Center for Basque Studies-eko irakasle eta Irujoren senitartekoak (azken honek bideo-konferentziaz, AEBetatik). Mintegian Irujoren bizitzari buruzko ikus-entzunezko bat izango da ikusgai.
Ekitaldi honen berri eta Irujo gogoan egingo diren beste ekintzen berri eman zuen Etxepare Euskal Institutuak atzo Donostian egin zen aurkezpenean. Hainbat arloetako ordezkaritza zabala izan zen bertan, Irujok euskal munduan duen itzalaren adierazle: Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua eta Gobernuko bozeramailea; Aizpea Goenaga, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Mari Jose Olaziregi, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako zuzendaria; Chris Harris, Liverpooleko Unibertsitateko Kultura, Hizkuntzak eta Ikerketak Departamentuko burua; Miren Button Irujo, Manuel Irujoren biloba; Richard Chandler, Manuel Irujoren senitartekoa eta Aingeru Epaltza idazlea eta Manuel Irujoren senitartekoa.
Irujo fondoa
Horrez gain, Manuel Irujoren familiak, politikari jeltzaleak Pariseko eta Londresgo erbestera eraman zituen liburuen artxiboa dohaintzan eman dio Liverpooleko Unibertsitateari, unibertsitateak egiten duen lana aitortzeko eta euskal ikasketak eta bereziki euskal exilioari buruzko ikerketa sustatzeko. Fondo mardula da: 400 aletik gora, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
Gai ugari jorratzen dituzte liburuok: euskal hizkuntza eta literatura; Nafarroa; euskal gizartea eta folklorea; Espainiako gerra zibila eta euskal politika; gerraostea Euskal Herrian; euskal nazionalismoa; euskaldunak eta Amerika; egunkariak; historia, bidaiak, geografia, zientzia edota naturari buruzko lanak... Unibertsitateak euskal gaiak ikertu nahi dituzten ikasle eta bisitarien esku jarriko du fondoa.
Euskal erbestea hurrengo belaunaldiei ezagutzera ematea
Bestalde 2014-2015 ikasturtetik aurrera Etxeparek eta Liverpooleko Unibertsitateak abian jarriko dute Manuel Irujo Fellowship Katedra, unibertsitatean euskal gaien arloan egiten den lana sustatu nahian. Mari Jose Olaziregik aurkezpenean azaldu zuenez katedrak euskal exilioa hurrengo belaunaldiei ezagutzera ematea dute xede: ”Euskal Exilioari buruzko ikerketa, irakaskuntza, euskal kulturaren globalizazioa; horra Etxepare Euskal Institutuak Liverpoolen abiatzen dituen egitasmoen helburuak”.
Horretarako gradu eta graduondoko mailan eskainiko dira eskolak eta Liverpooleko Unibertsitateak bekak emango ditu ikasketa hauek egiteko. Lehen urtean Manuel Irujoren gaineko ikerketa bultzatuko du Katedrak eta Xabier Irujo hartuko du lehen irakasle gonbidatu gisa.
Euskara sustatzen Erresuman Batuan aitzindari
Liverpooleko Unibertsitatea garrantzi handiko zentroa da, euskal gaiei buruko irakaskuntza eta ikerketari dagokienez. Zentroak Etxepare Institutuko Euskara eta Euskal kultura irakurle bat dauka 2011. urtez geroztik. Baina bertako Hizkuntzak eta Ikerketak Departamentua gero eta ahalegin handiagoa egiten ari da: euskal ikasketen ardura hartuko duen behin betiko lanpostu bat sortu behar du laster, euskal ikasketak diru-laguntzen bitartez sustatzen hasiko dira eta laster Departamentuaren eskaintzaren %20a euskaraz emango dute.
Aurkezpenean departamentuko buru Chris Harrisek Irujotarren eskuzabaltasuna eskertu zuen eta “Mari Jose Olaziregi doktorearen lan irmo eta inspiratzailea” eta Juan Aranaren unibertsitatean burutzen duen lan emankorra azpimarratu zuen: “Liverpooleko Unibertsitatea euskal hizkuntzaren eta kulturaren sustapenean aitzindari dela esan genezake.”
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus