euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Liverpooleko Unibertsitateak Manuel Irujo euskal politikariaren ekarpena aztertu zuen nazioarteko mintegian

2015/03/13

Ezk-eskubira: Aurora Madaula, Aritz Onaindia, Aritz Ipiña, Ane eta Mirentxu Button Irujo (Manuel Irujoren bilobak), Ron Bates, Irati Agirreazkuenaga, Gorka Mercero, Mikel Irujo, Joseba Agirreazkuenaga, Xabier Irujo eta Arantzazu Ametzaga.
Ezk-eskubira: Aurora Madaula, Aritz Onaindia, Aritz Ipiña, Ane eta Mirentxu Button Irujo (Manuel Irujoren bilobak), Ron Bates, Irati Agirreazkuenaga, Gorka Mercero, Mikel Irujo, Joseba Agirreazkuenaga, Xabier Irujo eta Arantzazu Ametzaga.

PUBLIZITATEA

Liverpooleko Unibertsitateak XX. mendeko euskal politikari bat izan zuen hizpide iragan astelehenean bertan egin zen mintegian. "Manuel de Irujo and the Basque Politics of the XXth Century" izenburua zuen mintegiak eta nazioarteko hainbat aditu bildu zituen Irujoren ibilbide politikoa eta itzala aztertzeko. Partehartzaileen esanetan, Irujoren ideiak gaur egun ere bizirik diraute: giza eskubideei erabateko errespetua, errepublikartasuna eta Europaren barruan euskal errepublika eraikitzeko nahia.

Liverpool, Ingalaterra. Etxepare Institutuak Liverpooleko Unibertsitatean sustatzen duen Manuel Irujo Fellowship Katedraren sostenguarekin egin zen iragan martxoaren 9an "Manuel de Irujo and the Basque Politics of the XXth Century"  mintegia. Antolatzaile izan ziren Gorka Mercero, Liverpooleko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Programaren irakaslea, eta Xabier Irujo, Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-eko zuzendaria, eta katedrako aurreneko irakasle gonbidatua (Manuel Irujo Fellow).

Mintegian Manuel Irujoren bizitza aztertu zuten eta XX. mendeko politikari egin zion ekarpena izan zuten hizpide. Entzuleen artean izan zen Liverpooleko Unibertsitateko Giza-Zientzien fakultateko dekanoa, Chris Harris. Hizlariak honakoak izan ziren Aurora Madaula (Universitat de Barcelona), Irati Agirreazkuenaga (London School of Economics), Aritz Ipiña eta Aritz Onaindia (EHU) eta Aranzazu Amezaga, Irujoren biografoa.

Era berean, Xabier irujo (University of Reno) eta Joseba Agirreazkuenaga (UPV-EHU) moderatzaile lanetan aritu ziren eta mintegia ixteko mahaingurua egin zen. Solasaldian, hizpide izan zituzten Irujok sufritu zituen bi diktadurak (Alfonso XIII-rena eta Francorena), bi guda, erbeste luze bat eta amaitu gabeko transizioa. Partehartzaileen esanetan, Irujoren ideiek bizirik diraute egun ere: demokrazia-kristaua eta giza eskubideei erabateko errespetua, errepublikaren aldeko apustua eta Europan euskal errepublika sortzeko ametsa. 

Euskal ikasketen gunea Europan

Liverpooleko Unibertsitateak euskal ikasketa gaietan erreferente bihurtu nahi du Europa mailan eta datozen asteetan beste zenbait mintegi eta ekitaldi egingo ditu, Etxeparek sustatzen duen Manuel Irujo Fellowship Katedrak antolatuta. Bestalde, unibertsitateak Irujoren familiak emandako fondoak ditu, ikerlarientzako eskuragarri Sydney Jones liburutegian.

[Manuel Irujoren bilobak Liverpooleko Unibertsitateko Sydney Jones liburutegian, familiak dohaintzan emandako fondoekin  (argazkia Liverpool University)]

Xabier Irujoren esanetan "Manuel Irujo bilduman 400 liburutik gora dago eta baita 117 aldizkari ere, euskal politika, hizkuntza eta kulturari buruzkoak. Dokumentu hauen oso baliogarriak dira ikerketarako, baina horrez gain ondare historiko itzela dira".

"Espainiar polizia 1938an Manuel Irujoren aitonaren etxean sartu zenean, polizi-txostenak zera zioen: 'Ez dago balio handiko ezer, liburuak besterik ez'. Horrela salbatu da Irujo bilduma, nahiz eta bost gerra eta lau diktaduratik pasa behar izan dituen", agertu zuen Irujok. "Orain, Liverpooleko Unibertsitatea bihurtu da ondare historiko honen etxea, eta Europan euskal ikasketan arloan erreferentea bilakatzeko aukera du".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia