Donostia-San Sebastian. Ez da berria Euskal Herriak Liverpoolekin daukan lotura berezia, itsasoa eta portua komunikabide, Ameriketaratzea... Arlo akademikoari dagokionez, bertan eman ziren euskal ikasketekin lotutako lehenengo ikastaroak eta Liverpooleko Unibertsitatea Erresuma Batuko lehena izan zen euskara ikasgai gisa eskaintzen 70. hamarkadan. 2013. urteaz geroztik are eta sendoagoa da harremana, urte hartan hartu baitzuten Manuel Irujo politikari zenaren bilobek haren liburutegia Liverpooleko Unibertsitateari emateko erabakia. Bilduma honek XX. mendeko euskal kultura eta historiaren ikuspegi aberatsa ezagutzeko aukera ematen du, eta Irujok bere jatorriarekiko zuen pasioaren adierazgarri da.
Etxepare Euskal Institutuak gogora dakargunez, duela urte batzuk berreskuratu zuen aipatu altxor hau bere biloba Ane Button Irujok, pixkanaka Manuel Irujok Parisen eta Londonen zituen etxeetako liburuak bildu eta katalogatuz. Guztira, 400 bat liburu eta panfleto eta 117 aldizkari biltzen ditu osatu zuten bildumak, Irujok nagusiki erbestean jasotakoak, Frantzian eta Erresuma Batuan. Zenbait aukera mahaigaineratu ostean, Liverpoolgo Unibertsitatea izan zen Manuel Irujo funtsa sortu eta kudeatzeko arduraduna.
Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateko euskal ikasketen zuzendariaren hitzetan, “1938an polizia espainiarra Manuel Irujoren aitonaren etxean sartu zenean hura arpilatzera, txostenak bertan ‘baliozko ezer’ ez zegoela zioen, ‘liburuak soilik’. Hala iraun ditu bilduma honek bost gerra eta lau diktadura. Egun, Liverpooleko Unibertsitatea bihurtu da oinordetza historiko honen etxea, eta Europako euskal ikasketen erdigunea bilakatzeko gaitasuna du”.
Funts honetan, denetariko idatziak aurki ditzakegu: historia liburuak, eleberriak, gutunak, hiztegiak, kantu-liburuak, mapak… XX. mende osoan zehar euskaraz, gazteleraz, frantsesez, ingelesez edota katalanez idatzitakoak. Kuriositate ugari dituzte euren baitan. Paul Preston historialariaren “El Holocausto Español” liburuko zenbait gertakari, Gerra Zibileko ankerkeriak, besteak beste, Irujoren gutunei esker argitu dira. Asko dira Irujok berak idatziak, hala nola “Euzko Deya de Méjico” egunkarian eta “Iberia” aldizkarian argitaratutako artikuluak, Erresuma Batuko egunkarietako zuzendariei edo politikariei idatzitako gutunak, zenbait bileratako aktak…
Deigarriak dira Espainiako Gerra Zibilari (1936-1939) dagozkion lehen pertsonako zenbait kontakizun. Garrantzitsuenen artean, Pilar Fidalgok garai hartako emakumeen espetxeetako ankerkeriari buruz idatzitakoak aurki genitzake. Fidalgoz gain, Antonio Ruiz Vilaplana epailearen, Iñaki de Aberrigoyen (Don Iñaki Azpiazu) apaiz eta gizarte ekintzailearen edota Manuel Gabarain mediku erbesteratuaren testigantzak ere aurki ditzakegu, azken honenak falangearen fusilamendu eta hilketen ingurukoak.
Pertsonaia ospetsu askok Irujori eskaini zizkioten liburu eta gutunak ere badira; besteak beste, Eduardo Chillida eskultoreak, Herbert Southworth Francoren aurkari izan zen kazetari estatubatuarrak, Pere Bosch-Gimpera kataluniar arkeologo eta abokatuak, Isidoro de Fagoaga opera abeslariak… Garaiko politikari erbesteratu baten harreman sarearen eta jardunaren garrantziaz jabetzeko, ezinbestekoak.
Manuel Irujo
1891n jaio zen Lizarran (Nafarroa) Manuel Irujo abokatu eta politikaria. Euskal nazionalismoaren sustatzaile nagusietako bat izanik, gaztetatik murgildu zen politika munduan eta Espainiako gobernuko justizia-ministro izatera ere heldu zen gerra garaian, erbestera ihes egin aurretik. 1977an itzuli zen Euskal Herrira eta Nafarroako Foru Parlamentuko kide ere izan zen 1981 hil zen arte. Bere ibilbide osoan zehar liburutegi propio aberatsa sortu zuen, idatzi eta jaso zituen zenbait materialekin. 2015. urtean, Manuel Irujo Katedra sortu zuen Etxepare Euskal Institutuak Liverpooleko Unibertsitatean eta orduz geroztik, urtero, erbestea, historia eta politikarekin loturiko gaiak lantzen dituzte.