Buenos Aires, Argentina. Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokaren 41. edizioa apirilaren 23an hasi eta maiatzaren 11an bukatuko da, tartean argitaratze-industriak bultzatutako zenbait ekitaldi burutuz. Euskal kolektibitateari dagokionez, Juan de Garay Fundazioa izango da Euskal Herriko kultura zabaltzeko arduraduna, Argentina-Mercosurrerako Euskadiren Ordezkaritza lagun.
Maiatzaren 5eko ekitaldia
Egunero egongo da irekita euskal standa, arratsaldeko ordu 2etatik gaueko 10etara (astegunetan) eta ordu 1etatik 10etara (asteburuetan). Baina euskal erakundeek antolatutako ekitaldi nagusia datorren asteartean, maiatzaren 5ean, izango da, arratsaldeko 6:30etan, Azokako Domingo Faustino Sarmiento aretoan. Bertan, Jorge Zorreguieta eta Mauricio Goyenechea aurkezle, euskarari buruzko hitzaldi bat eskainiko du La Platako Unibertsitateko irakurle den Daniel Oiarbidek. Ekitaldi berean, Fundazioak eta Fundazioko kideek kaleratutako hainbat lan aurkeztuko dira, tartean, Los Vascos-Euskaldunak aldizkariaren 56., 57., 58., eta 59. zenbakiak; Jorge Beramendiren Euskal Sukaldaritza; Euskaldunak Argentinan 2013 eta 2014ko urtekariak; Luis Luquez Minaberrigaray-ren Rebeldia Euska (sic) eta El pecado de suponer eta Carlos Heguyren Huinca-lo.
Musika ez da faltako ekitaldian; izan ere Evangelina Bertolak zuzentzen duen La Platako Euzko Etxeko abesbatzak bere errepertorioko abesti batzuk eskainiko dizkie bildutako lagunei.
1707. zenbakiko standa
Euskal standari dagokionez, pabilioi horiko 1707. zenbakian dago kokatuta, eta idazle eta euskal gaiei buruzko liburuen bilgune bihurtu da egun hauetan, bai kontsultak egiteko bai aleak erosteko. Eskaintza zabala da eta Fundazioak aurkeztuko dituenez aparte, zerrenda honetan agertzen diren izenburu, egile eta argitaletxeak topatu ahal izango dira:
-Toti Martinez de Lezearen nobela historikoak eta gazte eta umeentzako liburuak;
-Ekin Argitaletxearen izenburuak, tartean Txalaparta argitaletxeak berriro inprimitu dituenak;
-Carlos Heguyren, La Pampa Central, Y Dios creó la Argentina eta Memorias de un médico de pueblo;
-Juan de Garay Fundazioaren Los Vascos en la Argentina, Rogelio Yrurtia (Jorge Beramendi), Los Vascos (Enrique Aramburu), Graciano Mendilaharzu, un pintor olvidado, (Elsa Mendoza de Cingolani), Universidad Vasca de Verano 2009, 2010, 2011 eta 2013; Martín de Alzaga (Mauricio Goyenechea eta Enrique de Gandia), Del Pago de la Costa al San Isidro Actual (M. Salas), Juan de Garay y su descendencia (Alejandro Moyano Aliaga), Historia Vasca (Jorge F. eta Pedro M. Beramendi, eta Mikel Ezkerro), Instituto Americano de Estudios Vascos (Jorge Beramendi), Humor Vasco (Carlos Garaycochea).
Hauekin batera, erakundeak kaleratzen duen Los Vascos - Euskaldunak aldizkariaren 59 zenbakiak ere egongo dira ikusgai. Bildutako materialaz gain, idazleak standetik pasatuko dira interesatuei euren liburuak sinatzeko. Hurrenkera honako hau izango da:
-Maiatzaren 1ean, arratsaldeko 6etan, Carlos Heguy
-Maiatzaren 1ean, arratsaldeko 7etan, Luis Luquez Minaberrigaray
-Maiatzaren 2ean, arratsaldeko 6etan, Jorge Beramendi
-Maiatzaren 7an, arratsaldeko 7etan, Jorge Otaño Pinero