euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Literatura, zinea, ikastaroak eta bazkariak Euskararen Eguna ospatzeko Berlinen, Sao Paulon eta Sydneyeko euskal etxeetan

2015/12/11

Ainhoa Añorga, Berlingo Euskal Etxeko presidentea eta Asier Vallejo, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Berlingo Euskararen Eguneko ekitaldietan (argazkia Berlin EE)
Ainhoa Añorga, Berlingo Euskal Etxeko presidentea eta Asier Vallejo, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Berlingo Euskararen Eguneko ekitaldietan (argazkia Berlin EE)

PUBLIZITATEA

Munduko euskal etxeek pozez eta jarduera ugarirekin ospatu dute azken egunotan Euskararen Eguna. Berlinen, esaterako, literatura izan zen protagonista, Irati Elorrieta eta Danele Sarriugarte idazleen hitzaldi batekin eta "Euskal Herria-Alemania" multimedia egitasmoaren aurkezpenarekin. Sao Paulon Casa Basco Brasileiroko euskara ikasleek festa egin zuten eta Sydney-en Gure Txoko elkartean bazkaria egin zen.

Donostia-San Sebastián. Berlingo Euskal Etxea goiz hasi zen Euskararen Eguna ospatzen, azaroaren 27an, hain zuzen ere. Egun horretan bi euskal idazle gazte Berlinen izan ziren literaturari buruz hizlari: Irati Elorrieta eta Danele Sarriugarte. "Ekitaldi hori izan zen gure Euskararen Eguneko jarduera nagusia, Euskal Etxearen jarduna ondoen erakusten duena. Idazle gazteak, emakumeak, euskal letrak, Berlin hiria, itzulpengitza... gai asko jorratu zituzten Danele, Irati, Galder, Julia eta beste kideek ekitaldi bikainean", azaldu dio EuskalKultura.com-i euskal etxeko presidente Ainhoa Añorgak.

Abenduaren 4an, aldiz, elkarteak Mitxelenari omenaldia egin zion eta elkarteak euskara zabaltzen egin duen lana ezagutzera eman zuen. Horretarako, besteak beste, hainbat dokumental alemanera itzultzeko egitasmoaren berri eman zuen. "Hasteko, Markel Anasagastik Musik der alten Welt: Baskenland dokumentala itzultzeko proiektua aurkeztu zuen eta ondoren, Elisabeth Brandt-ek Euskara Jendea dokumental saila itzultzeko ekimenari buruz hitz egin zuen", adierazi du Añorgak.

Amaitzeko, Lourdes Izagirrek eta Danel Agirrek proiektu berri bat aurkeztu zuten: "Su zelaiak" nobelaren irakurketa bat eta Berlingo Etnologia Museoko Artxibo Fonografikoan gordetako Gerra Handiko euskal presoen kanten grabaketen erreprodukzioa uztartuko dituen ekitaldia, hain zuzen.

Sao Paulon eta Sydney-en

Brasilen, Sao Pauloko Casa Basco Brasileirak ere goiz ospatu zuen bere Euskararen Eguneko festa. Gonbidatu berezi gisa bertan izan zen Kinku Zinkunegi, Euskara Munduan programako koordinatzailea. Euskal etxeak euskara ikasleekin ospatu zuen festa eta horretarako, eskolak ematen dituzten gelari izen berria jarri zioten: "Euskaldun berri gunea".

Amaitzeko, Australian Gure Txoko euskal etxeak bazkari batekin ospatu zuen Euskararen Eguna, aurresku eta guzti. Ikusi, elkartearen Facebook orrian, hemen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia