Palma Mallorcakoa. Joan den igandeak, ekainaren 16an, arrakastatsu joan zen Mallorcako Artea Euskal Etxeak Son Rapinyan antolatutako poesia hitzordua. Mallorcan bizi den Carmen Larrinaga idazle eta bidaiariak Marokori buruzko bere lekukotasuna eskaini zuen, "Marruecos paradise" liburuan biltzen duena hain zuzen, eta "Bach y la lámpara amarilla" izenburuko bere poema liburua ere komentatu zuen bertaratutako jendeekin.
Hogei bat pertsona gerturatu ziren Euskal Etxeak eginiko deiari erantzunez eta egilearekin solaskide aritu ziren, sormena bera solasgai eta, besteak beste, Larrinagari "Marruecos Paradise" liburua idaztea eragin zioten eskarmentuak hizpide, adierazi du Artea Euskal Etxetik Aingeru Merlok. Tertulia formalagoa bukatzean, bertaratutakoek pintxo-pote bateko partaide izan ziren eta lasaiago segitu ahal izan zuten elkarrekin hizketan, poesia garaikideaz eta Magreb-eko munduaz esaterako.
Carmen Larrinaga olerkari ondarroarra bere poemetako bat irakurri eta komentatzen
Mallorcako Artea Euskal Etxearen heldu den larunbateko hitzorduaren deia
Ikasturte Amaierako Afaria
Bestalde, Euskal Etxea Arteak deia zabaldu die bere bazkide eta lagunei datorren larunbatean, ekainaren 22an Molí de Can Perera, Ikasturte Amaierako Afarira bil daitezen, urteko hitzordu jendetsuenetakoa duen honetara. Ekitaldia edertzen eta giroa ezartzen, EEko Lluc Mas Pocovi eta Teo Muñoz txalapartariak arituko dira. Baita elkarteko ohiko soinu-jotzailea, Severo Munilla, hau ere bazkidea; "Euskal Herriko kantu ezagunak joko ditu, gu guztiok kanta dezagun", adierazi dio Merlok EuskalKultura.eus-i.