euskal diaspora eta kultura
2011/05/11
PUBLIZITATEA
Santa Fe, Mexiko. Gastronomiak eta literatura itxi zuten iragan ostegunean Santa Feko Unibertsitate Iberoamerikarrak antolatu zuen lehendabiziko Euskal Astea. Antolatzaileen esanetan egitasmoa "arrakasta itzela" izan da eta Gorka Larrañagak, Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurleak parte hartzea azpimarratzen du, izan ere, ikasleez gain, Mexikoko euskal komunitateko kide asko hurbildu ziren Santa Fera.
“Semana Cultural del País Vasco” kultur jaialdiaren antolatzaileak irakurlegoa eta unibertsitatea bera izan dira, hainbat erakundeen laguntzarekin: Euskadiko Ordezkaritza Mexikon, Antonio Oteiza fundazioa, Arteche enpresa eta Doin komunikazioa agentzia.
Literatura eta gastronomia praktikoa
Euskal Astea iragan ostegunean bukatu zen, Iñigo Aranbarri idazleak eman zuen lezio magistralarekin. Aranbarrik euskal literaturaren historian barrena eraman zituen entzuleak eta euskal literaturak Mexikorekin izan duen harremanari buruz mintzatu zen. “Mexiko eta Euskal Herriaren arteko harremana oparoa da, horren adibide da Josu Landa, Jorge Ibarguengoitia eta José Gorostiza idazleen lana. Euskal jatorridunak dira hiruak eta hiruek lortu dute mexikar literatura eta kulturaren barruan nabarmen garatzea", esan zuen Aranbarrik.
Egun berean Pedro Martín sukaldariak euskal gastronomia klase praktiko bat eman zuen eta Sukalde elkarte euskal-mexikarra aurkeztu zien ikasleei. Martin Jaleo jatetxeko sukaldaria da eta Sukalde elkarteko kidea, Juantxo Sánchez, Mikel Alonso, Pablo Sanromán eta Alberto Ituarte bezako chef euskal mexikarrekin batera. Elkartearen helburua Mexikon euskal gastronomia eta kultura ezagutaraztea da.
Gure ardura soilik
Asteazkenean, maiatzaren 4ean, Joseba Buj idazleak "De nuestra sola incumbencia" liburua aurkeztu zuen. Ekitaldian Iñigo Aranbarri idazlea, Jose Luis Barrios arte aditua eta Gilberto Prado Galán idazle mexikarra izan zituen lagun. Buj-en liburuak, adituen esanetan, euskal eta mexikar kultura uztartu egiten ditu, oroimena erresistentzia bide bihurtuz. Egileak eskertu egin zuen bere lana mexikar eta euskaldunen aurrean aurkezteko aukera.
["De nuestra sola incumbencia" liburuaren aurkezpenean, ezkerretik eskubira, Iñigo Aranbarri, Gilberto Prado Galán eta Joseba Buj (argazkia GLarrañaga)]
Asteko beste ekitaldi batzuk euskal arteari buruzko mahaingurua (Iñigo Manterola, Taxio Ardanaz eta Gorka Larrañaga sortzaileekin), 'Jostailuak' erakusketa (Gorka Larrañagaren lanekin) eta Etxepare Institutuaren euskal kultura erakusketa izan ziren.
[Euskal Astearen inaugurazio ekitaldia (argazkia GLarrañaga)]
Euskal Astearen inaugurazio ekitaldian Mexikoko euskal komunitateko ordezkariak eta unibertsitateko agintariak izan ziren, besteak beste, Itzel Olague, Mexikoko Euskadiko Ordezkaritzatik; Unibertsitateko errektorea, José Morales Orozco, eta Lourdes Arrechea, Mexiko DFko Euskal Etxeko presidenta.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus