Donostia-San Sebastián. Ilusio handiz bizi du jende askok Euskal Herrian San Juan Gaua eta ilusio berarekin ospatzen dute munduan zehar sakabanatuta dauden euskal etxe eta euskaldunek. Berez ekainaren 23an bada, San Juan Egunaren bezperan, Diasporan asteburuaren bueltara ekartzen dute deialdi gehienek. Adibidez, Berlinen, gaur bertan, ostirala, egingo dute ospakizuna. Berlingo 'Gernika' euskal elkarteak, Berlingo katalan Castellers eta hiriko 'De Berlin Son' talde galegoak batera antolaturik, "Sant Xoan Gaua" festa izen mistoa ipini diote eta 19:00etatik aurrera garatuko da Teepeeland kulturgunean(informazio gehiago, hemen).
Festa eta suak antolatu dituzte, besteak beste hiri hauetako euskal etxeek: Berlin, Guanarteme, Homedale, Lima, Florida, Chivilcoy, Chacabuco, Laprida, Necochea, Buenos Aires, Comodoro, Brusela, Tres Arroyos, Trujillo, Tandil, Olavarría, Montevideo, Trenque Lauquen...
Bruselan, larunbatean izango da festa, 18:00etan, Fernand Kernier kaleko 10ean. Programa: Pintxo-potea eta musika Ziortza eta Leire trikitilariekin. Parte hartzeko izena eman mesedez bruselakoeuskaletxea@gmail.com helbidean, zenbat zareten eta adinak adieraziz. Espainian, Kanaria Handiko 'Mamia' Euskal Etxeak Akelarre baterako deia egin du, igandean. Euren San Juan gauak denetik iragartzen du: sua, txalaparta, lore sorta, sorgin dantza, marmitakoa, edariak… festa, 19:00etatik aurrera, Huerto La Ventana gunean (informazio gehiago, hemen).
Estatu Batuetako Idahon, Homedaleko Txoko Ona Euskal Etxeak 'San Juan Eguna' (sic) Euskal Festibala antolatu du, larunbatean, 13:00etan, adin guztientzako proposamenekin: mus txapelketa, jateko eta edatekoa, zuzeneko musika, dantza eta musika emanaldiak, jolasak eta sua, noski (informazio gehiago, hemen). Perun Limako Euskal Etxeko kideek San Juan eguneko ohiko afaria egin zuten atzo, ostegunean. Gau magiko honen erritoei buruz hitz egin zuten eta euskarazko abesti tradizionalak biltzen dituen kantutegi bat estreinatu. Trujillo, berriz, bertako Euskal Etxeak udako solstizioa, San Juan Eguna eta Aitaren Eguna ospatuko ditu iganderako luzatu duen gonbitean, 09:30etan.
San Juan festa Chivilcoyko Euskal Etxean (Argentina). Trujillokoan (Peru) eta Pergaminokoan (Argentina)
Uruguain, Montevideoko Haize Hegoak ere bezperan berean ospatuko du, eta bere egoitzan bertan egingo du ekitaldia. Maite Bengoak San Juan gauari buruzko hitzaldi bat eskainiko du eta baratxuri zopa prestatuko dute. Euskal dantzek edertuko dute gaua. Floridako Vasconia Florida euskal elkarteak herriko gizatalde galiziarrarekin batera ospatuko du, udala laguntzaile. Festa igandean izango da baita ere, eguerdian elkarretaratuko dira, janaria, dantzak eta sua programako parte. Montevideoko Euskaro Euskal Etxeak bi ospakizun hauetan parte hartuko duela iragarri du.
Argentinan asko zabaldu da San Juan jaia ospatzeko ohitura eta gero eta gehiago dira solstizio berriari ongietorria emateko prest agertzen diren euskal etxeak. Hori sasoi honetan Hego Hemisferioan egin ditzakeen tenperatura hotzei aurre egin behar badiete ere. Klasiko bat da Chivilcoyn bertako Beti Aurrerak gauzatzen duen Sorgina Erretzea, 2024 honetan larunbatean, baina ondoko astekoan, egingo dena, 29an. Euskal Etxeak bere eraikineko ateak zabalduko ditu, eta kanpoan eta barruan ospatuko du jaia, 14:30etan hasita. Kantina zerbitzuak txokolate beroa, tortak, freskagarriak eskainiko ditu, eta artisten lana taularatuko dute (informazio gehiago, hemen).
Deialdietan askotan, Hego Hemisferiokoetan hain zuzen, datak bat egiten du Neguko Solstizioarekin, eta beraz parte-hartzaileek texperatura baxuei aurre egin beharko diete
Chacabucon, Guillermo Larregui Euskal Etxeak igandean piztuko du sua, 15:00etan. 5 de Agosto plazan egingo duen ekitaldian euskal dantzak eta jolasak eskainiko dituzte (informazio gehiago, hemen). Lapridan ere ospatuko dute igandean baina 16:30etatik aurrera. Euskal Etxean sua piztuko dute 'beldurrak' erretzeko eta dastatzeko gauza gozoak prestatuta (Informazioa, hemen). Comodoro Rivadavian gizatalde iberiar guztiek bat egingo dute ospatzeko:. Jaialdia ekainaren 29an izango da, CIP delako predioan, 18etatik aurrera. Musika, dantzak eta sua izango dira protagonistak (informazioa gehiago, hemen).
Tres Arroyosen Hiru Errekak ostegunera aurreratu zuen festa, sua Euskal Enparantzan antolatuta, musika eta dantza ugarirekin, eta txistorra eta euskal pastiza bezalako kutixiak zerbitzatuz. Necocheako Euzko Etxean, datorren asteko ostiralean, ekainaren 28an egingo dituzte sua eta gero erromeria, euren San Juan suaren tradizioa finkatuari eutsiz. Eta Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak aurten ezin izango du bere sorginfaria egin, baina argazki lehiaketa bat antolatu du. Gaia, 'Sorgin Gaua', beraz argazkiek sorginez jantzitako jendea edo oro har sorginei edota solstizioari lotutako zerbait islatu beharko dute. Lanak bidaltzeko epea ekainaren 29an bukatuko da eta ibaiak@hotmai.com helbidera bidali beharko dira (informazio eghiago, hemen).