euskal diaspora eta kultura
2012/10/31
PUBLIZITATEA
Lima, Peru. Limako Riva Agüero Institutuak hartuko du datorren asteartean Arantzazuko Amaren Anaidiari buruzko mintegia. Anaidia sortu zeneko 400 urteak betetzen dira aurten eta, hori dela eta, Peruko euskaltzale talde batek elkartea berpiztu egin du. Ez hori bakarrik, aldiz, erakunde honek, eta euskaldunek orohar, Peruko historian izan duten papera eta euren ekarpena jakitera ematen ari dira mintegia bezalako ekitaldiekin.
Ekitaldiaren antolakuntzan aritu dira elkartea birsortu duen euskaltzale, historialari eta aditu taldea: Riva Agüero Institutua, Euskal Herriko Unibertsitatea eta “Editorial Periodística Oiga” Fondoa (Francisco Igartua kazetari euskal peruarraren omenez sortutakoa). Mintegian hilondoko omenaldia egingo zaie Francisco Igartuari eta José Antonio del Busto Duthurburu eta Guillermo Lohmann Villena historialariei.
Historia zabalduz
Mintegian nazioarteko bost adituk Arantzazuko Amaren Anaidiaren historia eta garaiko testuingurua azalduko dute, beste hainbeste hitzaldien bidez. Antolatzaileek azaldu dutenez, hitzaldiak ez dira akademikoak izango, baizik eta entzulego zabalago bati zuzenduak; izan ere, elkartearen historia jakitera ematea eta Peruko gizartean zabaltzea dute helburu.
Hitzaldiak honakoak izango dira:
-"Construyendo puentes para el futuro: la recuperación de la memoria y la presencia de los vascos en las Américas". Hizlaria: Oscar Alvarez Gila, Euskal Herriko Unibertsitatea.
-"El contexto general: el significado de las cofradías en el mundo hispanoamericano". Hizlaria: Elena Sánchez de Madariaga, Rey Juan Carlos Unibertsitatea, Madril.
-"Las cofradías de Arantzazu en América. Entre México y Lima". Hizlaria: Elisa Luque Alcaide, Nafarroako Unibertsitatea.
-"La importancia del elemento vasco en la historia del Perú". Hizlaria: Diego Edgar Lévano Medina, Riva Agüero Institutua, Lima, Peru.
-"El desarrollo histórico de la Cofradía de Arantzazu de Lima". Hizlaria: José de la Puente Brunke, Riva Agüero Institutua, Lima, Peru.
Kofradiari buruzko liburua
Horrez gain, mintegiaren baitan, Kofradiaren historiari buruzko liburu bat aurkeztuko da. Oscar Alvarez Gila historialaria da liburuaren egilea eta berak aurkeztuko du lana eta bertan biltzen diren Kofradiaren artxibo eta dokumentu historikoak. Alvarez Gilarekin batera Peruko euskal komunitateko kide ezagunenetako bat egongo da aurkezpenean, Miguel Irizar, Peruko apezpiku emeritua, besteak beste.
Laugarren Mendeurreneko ekitaldiak itxiz, azaroaren 7an, Gernikako Arbolaren kimu bat landatuko da San Martin de Porres Unibertsitatean. Kimua Txileko Santiagoko Euskal Etxearen oparia da, Pedro Oyanguren kultur zuzendariari esker eskuratua, adierazi digute antolatzaile taldetik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus