euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Limako Euskaletxearen Muslari Eskola sortu berriak arrakasta handia lortu du, eta euskaraz ere ari da lanean

2023/12/05

Euskaletxeko Muslari Eskola berriak, jokalari “mundialistek”, gazteek eta emakumeek osatua, arrakasta handia lortu du
Euskaletxeko Muslari Eskola berriak, jokalari “mundialistek”, gazteek eta emakumeek osatua, arrakasta handia lortu du

PUBLIZITATEA

Lima, Peru. Limako Euskaletxean musa betidanik nagusien eta batez ere gizonen jarduera izan da. Urte hasieran, Euskara Munduan programaren arduradun Kinku Zinkunegiren bisita jaso zutenean, euskara ikastaroei buruzko gaiak adosteaz gain, Etxepare Euskal Institutuak musean ikasteko prestatutako materialaren berri eman eta jokoa euskaraz egitera animatu zituen. Geroago, urrian, Julen Menesesek eta Bittor Lópezek 44. Euskal Gizataldeen Munduko Mus Txapelketan parte hartu zuten, Valdivian (Txile), eta euskal karta joko tradizionala ikasteko gogo berriak sortu ziren, baina oraingoan emakumeen eta gazteen artean, eta gaur egun, Euskaletxeko Muslari Eskola inauguratu berriak poz eta gogo handia piztu die elkarteko kide guztiei.

Ostegunero, gizonak eta emakumeak, adinekoak eta gazteak musean aritzeko biltzen dira Euskal Etxera eta jokoaren sekretuak partekatzen dituzte... eta afaria ere bai. Bikoteak osatu dituzte ikasle gazteen eta, gutxienez, munduko txapelketa batean parte hartutako “mundialistak” deitzen dituztenen artean, alegia Munduko txapelketaren barte hartu duten beteranoen artean. Hor daude Juan José Meneses, Raúl Noblecilla, Julen Meneses, Bittor López, Carlos Lombardi, Iván Huerga eta Eugenio López irakasle. Baina astearteetan, bilerak euskararen inguruan egiten dira eta Nerea Elorriaga getxoztarrak ematen dizkie eskolak dozena bat euskaltzaleri. Eta gauza aurrera doa.

Zinema, dakntza, abesbatza... pandemia gainditzen

Euskal zinemak ere badu lekua Liman. Zinemazaleen onespenerako, hilean behin “Euskal Zinemaren Jaialdi Iraunkorra”k Euskal Herriko edota euskal gaiei buruzko ekoizpen bat aurkezten du, Daniel Alcalde Legarreta eta Euskaletxeko idazkari eta komunikazioen arduradun Alberto Escobalen eskutik. Bestalde, gorabehera batzuekin bada ere, euskal dantza taldeak, Joana Lopez Arribas donostiarrak koordinatuta, lanean jarraitzen du eta euskal egutegiko jai tradizionaletan aurkeztu ohi da, abesbatzarekin batera, azken hau Franklin Rodriguez zuzendari.

Alberto Escobalek EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, "aurtengoa, pandemiatik suspertzeko urtea izan da, harek modu birtual hutsera eraman baikintuen, eta horrekin giharra galdu genuen". Urtean zehar azpiegitura lanak egin dituzte, sukaldea berritu eta handitu dute eta jardueren erritmoari heldu diote berriro, baina oraindik ez dute lortu ohi zuten deialdi-maila bera. Euskaletxearen erreferenteak azaltzen duenez, "gure lana indartu egiten da beste batzuk etortzen direnean, euskaldunen lagunak gurera etortzen direnean". Horregatik uste dute hori dela egiteke geratzen den lanik handiena, eta datorren urterako erronka.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia