euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Limako Euskal Etxeko lehendakari izan zen Victor Ortuzarren alarguna eta semea Jaurlaritzan bisitari

2012/08/01

Asteleheneko bilera, ezker-eskuib Guillermo Echenique, Martha Perez Ortuzarren alarguna era Victor Ortuzar seme zaharrena, aitaren izen berekoa.
Asteleheneko bilera, ezker-eskuib Guillermo Echenique, Martha Perez Ortuzarren alarguna era Victor Ortuzar seme zaharrena, aitaren izen berekoa.

PUBLIZITATEA

Martha Perez eta Victor Ortuzar jr, iazko azaro hastapenean hil zen arte Lima-ko Euskal Etxeko lehendakari izan zen Victor Ortuzarren alarguna eta semea, Gasteizen Jaurlaritzan izan ziren joan den astelehenean eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin eta Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritzako lantaldearekin bildu ziren Lehendakaritzan. Bisitari euskal perutarrek bi liburu jaso zituzten, Patxi Lopez lehendakariak dedikatuta, bat eurentzat eta bestea Limako Euskal Etxeko lagunentzat. Ama-semea euren senar eta aita zenaren errautsekin etorri dira Euskadira, Zierbenan aireratzeko, bertan hazia baitzen Limako Euskal Etxeko presidente ohia.

Vitoria-Gasteiz. Guillermo Echenique Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkariak egin zien harrera iragan astelehenean Victor Ortuzarren alargunari eta semeari. Gogoan eduki behar da hainbat urtez Limako Euskal Etxeko lehendakari izan ondoren, joan den azaro hasieran zendu zela Ortuzar, hain zuzen ere Donostian Euskal Gizataldeen V. Mundu-Batzarra hasten ari zela. Ordurako larri zebilen eta horregatik izan ere ez zen Batzarrera eorri Peruko ordezkari. Heriotzaren berriak kongresukideak hunkitu zituen, aurreko lau mundu-batzarretan parte hartutako laguna baitzuten Victor Ortuzar.

Astelehen goizean Guillermo Echeniquerekin eta Jaurlaritzako Gizataldeentzako lantaldearekin izandako elkarretaratzean zehar liburu bat eskuratu zitzaien bi bisitari perutarrei, Lopez lehendakariak bat familiari dedikatua, euren senar eta aitarekiko aprezioa adieraziz, eta bestea haiei emana euren euskal etxera, Limako Euskal Etxera, eraman dezaten.

Victor Manuel Ortuzar Gonzalez Liman hil zen 2011ko azaroaren 1ean. Bilbon 1939an jaioa, 22 urterekin iritsi zen lehenengoz Limara. Geroago Euskadin, Estatu Batuetan eta Madrilen egingo zuen lan 1980ean behin-betirako finkatu zen Liman. Peruko hiriburuan bertako Euskal Etxea sortu zuen beste euskaldun batzuekin 1986an.

Bere alarguna Martha eta seme zaharrena Victor, haren gurariak betez senar eta aita izan zutenaren errautsak aireratzera etorri dira Euskadira, Zierbenan, bertan hazitakoa baitzen.

Bileraren harira, Jaurlaritzako iturriek Limako Euskal Etxeko lehendakari izan zenaren tasunak azpimarratu dituzte, "beti agertu baitzen prest lanerako eta lankidetza instituzionalerako", "ideologietatik aparte, begirune instituzional eta pertsonala adieraziz Julian Celaya Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendariarekiko tratuetan. Euskadira zetorrenean beti topatzen zuen denbora Gasteiza hurbiltzeko bisita egitera. Goian Bego", adierazi dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia