Otxarkoaga, Bilbo, Bizkaia. Bederatzi irabazle bildu ziren Bizkaiko hiriburuan ekitaldian parte hartzeko eta euren narrazioei jendaurrean ahotsa jartzeko, tartean Perutik etorritako Monica Rojas Turpaud, ‘Un curioso observador’ (Behatzaile bitxia) ipuinaren egilea. Urriaren 17an Bilboko auzo honetan egin ziren Otxarkoagako Umeen 39. Jardunaldien baitan izan zen. Ekitaldiaren programa barruan eta Txirula Kultur Taldeak deiturik, Mugarik Gabeko Umeentzako XXXIX. Ipuin lehiaketaren idazleek euren testuak irakurri zituzten.
Antologiaren aurkezpena eta irakurraldia Otxarkoagako Ugarte Plazan gauzatu zen. Irakurraldia bukatuta, eta Jardunaldien egitaraupean, umeentzako hainbat ekintza proposatu zituzten antolatzaileek: ‘gymkana’ zientifikoa, jolasak eta antzezlan bat, eta, bazkaria partekatu zuten bildutako idazleek, beren familiek, lehiaketako epaimahaikideek eta Txirula Kultur Talde antolatzaileko lagunek.
"Gomuta itzela daukat heldu ginen momentutik beretik. Angel Velascok eta Marina Monterok egin ziguten harrera, Otxarkoaga erakutsi ziguten eta bertako historia kontatu. Jardunaldien bezperan, Txirula Kultur Elkarteak Bilbo erakutsi zigun geure ipuina irakurtzera bidaiatu genuen guztioi: paseo bat eman genuen itsasadarrean, Udaletxetik Guggenheim-eraino, eta azken hamarkada hauetan hiriak izan duen aldaketa azaldu ziguten. Esperientzia ahatezina izan zen” aitortu dio EuskalKultura.eus-i Limako Euskal Etxeko kideak.
“Lehiaketaren saria nire ipuina paperezko liburu bateko parte argitaratzeaz haratago, benetako saria, nire ustez, sari handiena, ezagutu nituen pertsonak ezagutzea izan zen, beren istorioak, lekuak… eta baieztatzea bizitzako gauza garrantzitsuenak maitasuna, adiskidetasuna, hurkoa ongi tratatzea eta balore horiek lagun zahar eta berriekin partekatzea dela. Gauza hauengatik guztiengatik esker biziak eman nahi dizkiot Txirula Kultur Taldeari”, azaldu digu Rojas-ek.
‘Behatzaile bitxia’ ipuina irakurtzeko, hemen.