Lima, Peru. Limako Euskal Etxeak omenaldia egin dio joan den astean Jon Guarrotxenari. Duela 50 urte pasexe Perun bizi den errigoitiarra (Bizkaia), Guarrotxena Gernikako bonbardaketaren lekuko izan zen bere amaren besoetatik oso umea zela. Liman, Euskal Etxearn sortzailetako bat izan zen eta omenaldian bere kultura zabala nabarmendu zuten, “Diccionario Histórico Biográfico de los Vascos en el Perú y de Peruanos de Ancestro Vasco” ere aipatuz, berak bultzatu eta burutua, baita azken luzapenean ere. Guarrotxenak urte askotan zuzendu zuen “Euskal Etxea” buletina, Euskal Herriko berriak eta euskal historia eta kulturari buruzko artikuluak zabaltzen zituena.
Euskal Etxearen izenean Raul Noblecillak Jon kide aktiboa dela esan zuen, funtsezkoa eta oso maitatua izan dena eta izaten jarraitzen duena Euskal Etxeko komunitate bizitzan, elkarteak antolatzen duen jai bakoitzean eta ostegunetako afari bakoitzean ere beti partaide. Pasa den asteko ekitaldian, bere omenez koadro erretratu bat jarri zuten egoitzako areto nagusian eta ikusi zuenean, xume eta bere ohiko apaltasunarekin esan zuen, "laudorio gehiegi".
Limako Euskal Etxea aktibitate betean dago eta heldu berria die dantza taldearen entseguei Joana irakaslearekin. Maiatz honetan bertan Isabelle Tauzin-Castellanos doktorearen bisita ere jaso du. Bordeaux Montaigne Unibertsitateko irakasle nagusia da Tauzin-Castellanos, eta Iparraldetik Perurako euskal migrazioari buruzko ikerketez solas egin zuen euskal egoitzara, bertako kideak agurtuz egin zuen ikustaldian.