euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Limako Euskal Etxeak omenaldi ederra egin zion Mercomus 2012an txapeldu geratutako Lopez-Lombardi bikoteari

2012/07/10

Txileko Santiagon Mercomus txapelketan aritu ziren bi bikote perutarrak txapelketako kopa irabazlea eskuetan hartuta (argazkiaEE)
Txileko Santiagon Mercomus txapelketan aritu ziren bi bikote perutarrak txapelketako kopa irabazlea eskuetan hartuta (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

EuskalKultura.com-ek garaiz eman zuen joan den martxoan Txileko Santiagon egindako Mercomus 2012 txapelketaren berri, bertan txapela irabazi zuen Limako Euskal Etxeko Lopez-Lombardiren garaipena barne. Aste eta hilabete batzuk joan dira eta, posible izan denean, Limako Euskal Etxeak, ongi-etorri eta omenaldi ekitaldi polita egin die Santiagoko mus norgehiagokan bere izenean parte hartu zuten bi bikote perutarrei. López-Lombardi eta Olalla-López bikoteek zinez eskertu dituzte bazkide eta lagunen txaloak, eta hiriburu txiletarrean egin zuten ibilbidea kontatu zieten xehetasunez euskal etxearen egoitzara bildutakoei. Elkarte euskal-perutarrak, bestalde, irailerako iragarri du euskal etxe barruko mus txapelketa irekia; eta aldi berean 2013an Mercomus-eko txapela bertan antolatzeko asmoa iragarri du, horretarako batzorde antolatzailea berehala sortuko duelarik.

Lima, Peru. Peruko hiriburuko euskal etxetik harro agertu dira gogoratzerakoan "Jose Luis Lopez eta Carlos Lombardi gure etxeko muslariek irabazi zutela Santiagoko txapelketa eta Eliseo Olalla eta Eugenio Lopez bosgarren lekua berengatau zutela ", euren aldetik. "Hala ere, azpimarratu behar da baita ere, Jose Luis eta Carlosek egindako lan onari, Eliseok eta Eugeniorena ere behar zaiola emendatu, euren lagunen txapela erraztu baitzuten, azkeneko partidan irabazi egin baitzioten Juan Carlos Lagos eta Juan Mendibururi bikoteari, hauek zirelarik txapela eurenganatzeko besteen areriorik nagusienak", adierazi diote EuskalKultura.com-i.

Geroztik, Liman behar bezalako isla eta oihartzuna eman nahi izan diete ordezkari perutarrek Santiagon lortutako emaitzei, baina "Carlos Lombardik enpresari gisa Txilen dauzkan betebeharrak kari ez da oraintsu arte posible izan Limako Euskal Etxeak zor zien omenaldia egitea, eta hala egin genuen ekainaren 14an, ostegunez, gure egoitzan eratutako afaria eta guzti. Bildutako lagun eta bazkideek txalo beroak eman zizkieten, eta eurak gogo onez kontatu zituzten txapelketako istorio eta xehetasunak, hori guztia giro atsegin eta abegikor batean, antolatzaileen eta bertaratutako guztien bozkario".

Gogora dezagun Mercomus 2012 izeneko mus txapelketa Txileko Santiagoko Eusko Etxeak antolatu duela aurten, erakundearen Mendeurreneko ospakizun egitarauaren barnean. Ekimena Santiagon, Vicuña MacKennako euskal egoitzan gauzatu zen martxoaren 28tik 31era eta bertan parte hartu zuten Argentinako bi bikotek, Txileko hiruk, Peruko bik eta Uruguaiko beste bik, txapela, lehenago esan bezala, Jose Luis Lopez eta Carlos Lombardi perutarrek jantzi zutelarik.

Limako Euskal Etxetik baiesten dute "mus gure euskal etxean gogor sartu den jokoa dela, eta muslari gehiago ditugu jokalari eta ikasle, Juanjo Meneses Berasategi trebatzaile gisa laguntzaile dugula. Irailerako Txapelketa Irekia ari gara prestatzen eta arrakasta izango duela pentsatzen dugu". Elkartea, bestalde, Mercomus txapelketaren edizio berri bat Liman bertan antolatzea ari da aztertzen, 2013an, eta hori egin ahal izateko batzorde antolatzaile bat sortuko dugu berehala, gure buletin honi iragarri dionez.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia