euskal diaspora eta kultura
2013/04/26
PUBLIZITATEA
Lima, Peru. Limako Euskal Etxeak iragan igandean, apirilaren 21ean, ospatu zuen 2013ko Aberri Eguna. Honekin 27 Aberri Egun egin ditu elkarteak, sortu zenez gero urtero bildu baitira Limako euskaldunak hitzordu honetara. Aurten, baina, jaia ohi baino beranduago egin dute, aurretik Limako Euskal Etxeak Hego Ameriketako euskal elkarteen Mercomus Mus Txapelketa antolatu zuelako eta ekitaldi horretan murgilduta zebilelako.
Aberri Eguneko egitaraua, urtero legez, San Isidroko Pilarreko Ama Birjiñaren elizan egin zen meza elizkizunarekin hasi zen. Miguel Irizar apezpikuak gidatu zuen elizkizuna eta elkarteko zuzendaritza osoa eta bazkide asko bertaratu ziren, euskal etxeko presidente Raul Noblecillak EuskalKultura.com-i agertu dionez.
Abesbatzaren kontzertua
"Limako Euskal Etxeko abesbatzak mezan parte hartu zuen eta zenbait abesti kantatu zituen. Bereziki aipagarriak izan ziren Gure Aita eta amaierako Agur Jaunak", gehitu du Noblecillak. "Homilian, Irizar apezpikuak jaia honi buruz hitz egin zuen eta Euskal Herrian Pazko Igandearekin batera ospatzen dela azaldu zuen"
[Gazteak zein nagusiak bildu ziren Limako Euskal Etxearen Aberri Eguneko bazkarira (argazkia LimaEE)]
[Aberri Eguneko jaian izan ziren bi gaztetxo; Limako euskaldunen hurrengo belaunaldia (argazkia LimaEE)]
Mezaren ostean elkarteko bazkideak Euskal Etxearen egoitzan bildu ziren eta lagunarteko bazkaria egin zuten. Menuko izarra Nacho Ortuzarrek prestatu zuen paella goxoa izan zen.
"Bazkide eta elkarteko lagun asko etorri ziren bazkarira eta urtean zehar joan direnak gogoratu genituen. Bazkalostean, euskal etxeko koruak beste kantaldi bat eskaini zuen eta giro aparta jarri zuen bazkarian, Euskal Herria gogora ekartzen ziguten abesti ederrak kantatuz", amaitu du Noblecillak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus