euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Limako Euskal Etxeak harrera egin zion Perun Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritzari

2014/05/06

Limako Country Clubean egin zen merkataritza bidaiaren azken ekitaldia, Peruko enpresari eta agintariekin (argazkia LimaEE)
Limako Country Clubean egin zen merkataritza bidaiaren azken ekitaldia, Peruko enpresari eta agintariekin (argazkia LimaEE)

PUBLIZITATEA

Martxoaren hondarrean Limako Euskal Etxeak Bizkaiko Foru Aldundiko eta hainbat enpresetako ordezkaritza bat hartu zuen, Perura egin zuten merkataritza bidaian. Apirilaren 3a arte luzatu zen egonaldian Perun lan harremanak eta negozio aukerak sustatu zituzten ordezkarei bizkaitarrek. Euskal etxea izan zen Limako egonaldiko anfitrioia, SPRIren Peruko bulegoarekin batera. Bizkaitar ordezkaritzaren buru Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatua izan zen.

Lima, Peru. Iragan martxoaren 30ean heldu zen Limara Bizkaiko Foru Aldundiak eta 30 bat enpresa bizkaitarren ordezkariek osatutako merkataritza bidaia Perura. Bidaiaren helburua herrialde honetan Bizkaiko enpresentzako negozio-bideak eta bertako enpresekin harremanak sustatzea zen.

Bizkaiko ordezkaritzaren buru Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatua izan zen, eta berarekin batera bidaian parte hartu zuten, besteak beste, Gorka Esteves, Gabino Martínez de Arenaza, José María Bilbao, eta Bilboko Merkataritza Ganberako Mikel Arrieta eta José Luis Gil. 

Harrera Euskal Etxean

Bidaiariei harrera abegikorra egin zieten Limako euskaldunek, euskal etxeko ateak irekiz. Bertara bildu ziren elkarteko bazkide eta zuzendaritza kideak, eta baita Limako zenbait euskaldun ere. Ekitaldian Bizkaiko goi mailako sukaldariek eginiko pintxoak jateko aukera izan zuten, eta Bizkaiko txakolina eta Arabar Errioxako ardoa ere dastagai izan ziren.

Imanol Pradalesek harreragatik esker ona erakutsi zuen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jatorri eta ezaugarrien berri eman zuen, Bizkaiak Perurekin duen harremana azpimarratuz. Jarraian, Euskaletxeko presidente Raúl Noblecillak gai honetan sakondu zuen, euskaldunek Perun izan duten eragina aipatuz. "Hitzaldiak txalo ugari jaso zituzten eta bertara bildu zirenek 'Gora Bizkaia, Gora Euskadi, Gora el Perú' ohikatuz amaitu zuten ekitaldia", agertu dute euskal etxeko iturriek.

Amaitzeko opari trukaketa egin zen: Imanol Pradalesek makila bana oparitu zien ADEX erakundeko presidente Eduardo Amorrorturi eta euskal etxeko presidenteari, bidaia antolatzen eskainitako babesa eta lankidetza eskertzeko. Bilerak lagunarteko giroan jarraitu zuen, Bermeoko musikari bikoak alaituta.

Enpresariekin bilerak 

Ordezkaritzak Peruko agintari eta enpresariekin bilera ugari egin zituen Limako egonaldian. Besteak beste Peruko Ekonomia eta Finantza arloko ministroekin eta Limako Alkateordearekin bildu ziren; hala nola politika eta enpresa arloko hainbat ordezkariekin.

Horrez gain, apirilaren batean ADEX-en egoitzan egin zen ekitaldi batean parte hartu zuten. Bertan, Foru Aldundiak euskal enpresei buruzko aurkezpena egin zuen, euren teknologia eta berrikuntza maila azalduz. Jarraian beste hizlari eta adituek bi herrialdeen arteko negozio bideak eta aukerak aztertu zituzten.

Amaiera afaria

Foru Aldundiaren merkataritza bidaiari amaiera emateko afaria egin zen Limako  Country Club-ean, bertako enpresari eta agintariekin. Menua Bizkaiko goi mailako sukaldariek prestatu zuten: José Miguel Olazabalaga, Fernando Marina, Mikel Población eta Josu Ibarrak; Garaizabal enologoak aukeratutako Bizkaiko Txakoli eta Arabako Errioxa ardoarekin.

Imanol Pradales diputatuak hitz batzuk egin zituen, anfitrioiei eta Peruko enpresariei eginiko harrera beroa eskertzeko. Bidaiaren balioespen baikorra ere egin zuen Pradalesek. Bitxikeria moduan aipatu zuen afariaren gune gisa Country Club aukeratzea Euskal Etxeari omenaldia izan zela, bertan sortu baitzen Limako euskal elkartea 1950ean. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia