euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Limako Euskal Etxeak harrera egin die 'Euskadiko Gazteak Lankidetzan' programarekin kooperante ari diren gazteei

2024/09/02

Egun Perun kooperazio lanetan ari den euskal gazte talde hau Limako Euskal Etxeak bere egoitzan egindako harreran
Egun Perun kooperazio lanetan ari den euskal gazte talde hau Limako Euskal Etxeak bere egoitzan egindako harreran

PUBLIZITATEA

Lima, Peru. Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak "Euskadiko gazteen artean elkartasunaren balioak sendotzea eta garapenerako ekintzen inguruko sentsibilizazioa sortzea" dauka helburu. Lankidetza hori Garapenerako Gobernuz Kanpoko euskal erakundeen bidez eta helmuga diren herrialdeetako Garapenerako GKEekin elkarlanean gauzatzen da, kooperanteen bidaia eta egonaldi gastuak Eusko Jaurlaritzaren kontura.

Programaren barruan, uztailaren hasieran iritsi ziren Perura Zuriñe Martin, Maddi Güemes, Ane Badiola, Irene Gartzia, Aiala Martinez de Lejarza, Irati Larrinaga, Oier Iñurrieta, Libe Gomez, Olaia Luque eta Nora Vergara. Euskal gazteak irakaskuntzari lotutako formazioa daukate eta irakasle kooperante gisa ari dira lanean Liman, Collique eta San Juan de Lurigancho barrutietako eskoletan.


Kooperanteetako batzuk: Zuriñe Martin (Gasteiz), Irene Gartzia (Oñati), Ane Badiola (Ondarroa), Aiala Lopez de Lejarza (Sopuerta) eta Maddi Güemes (Astigarraga) 'La Sonrisa de Marielle' Eskolan, Claudio eskolaren sortzailearekin eta Nelly eta Marielita irakasleekin

"Lanean ari garen eskolan premia bereziak dituzten umeak daude eta errefortzu pedagogikoa eskaintzen diegu”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i San Juan de Lurigancho-ko 'La sonrisa de Marielle' Eskolan ari den Zuriñe Martinek. “Gure artean bagaude, esaterako, gorputz-hezkuntzako bi irakasle eta beharren arabera antolatzen gara. Hemen, adibidez, motrizitatea ere lantzen dugu bertara datozen hezkuntza bereziko haurrekin-eta”.

Euskal Etxea eta kooperanteak

Lankidetza programak hiru hilabete irauten ditu, eta gazteek denbora ateratzen dute herrialdea eta bertako jendea eta kultura ezagutzeko. Baita bertako euskal gizataldea, ere, Liman bezala Euskal Etxea badago behintzat. Hasieratik zeukaten bertako euskaldunak bisitatu eta Euskal Etxearen egoitza eta jendeekin biltzeko asmoa, eta halaxe egin zuten, haiek antolatutako harrera eta afaria tarteko. Eta anfitrioiak "gustura baino gusturago" geratu ziren bisitarekin. “Energia zaparrada polita ekarri digute, izan ere seguruenik laster errepikatuko dugu”, adierazi digute euren aldetik Euskal Etxeko lagunek. Argazki gehiago, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia