Lima, Peru. EEko 'Zinemaldia'ri hasiera emateko Asier Altuna zuzendariaren Amama proiektatu zuten euskal etxe limatarrean eta datozen saioei begira, euskal zinema garaikideko beste itulu ezagun batzuk hautatu dituzte jadanik, tartean El Vasco (Jabi Elortegi), Errementari (Paul Urkijo) eta Loreak (Jon Garaño). Zinema saioak ostegunez izango dira, bi astean behin, eta izenburuak aukeratzeko ardura EEko Zinema Batzordeko Daniel Alcalde, Asier Hernando eta Alberto Escobal -ek hartu dute.
Film luzeez aparte, film laburrak ere sartzekotan dira zikloaren programan. Proiekzioak jopan den ostiralean, uztailaren 26an, hasi ziren, eta antolatzaileak pozik daude partaidetza aldetik erantzun ezin hobea izan baitute.
"Memoria Euskal Etxearen garaian"
Zine emanaldiak abiatzearekin batera, "Memoriak Euskal Etxearen garaian" ("Memorias en tiempos de Euskal Etxea") deitu duten proiektuan ere ari dira lanean euskal limatarrak. Euskal Etxearen memoria historikoa berreskuratzeko helburua duen proiektuaren barruan ‘Ostegunetako afarien’ kritika batzuen grabazioak eurenganatu dituzte. Honela azaltzen dute: “film laburrak dira eta Olegario Polar Montoyak EEkoei grazia handiz egiten zizkien kritikak biltzen dituzte, jendea horien zain egoten zen”, diosku Alberto Escobalek.
“Olegariok. afari bakoitzerako prestatutako janariari buruz hitz egiten zuen, sukaldarien trebezia edo trakestasuna baloratzen zuen, material polita dira"."Daniel Alcaldek edizio lan oso ona egin du eta hori izango da aurkeztuko duten lehenengo film laburra". Geroago, txikitatik Euskal Etxeko kide izan den Nerea Escobalek Unibertsitate garaian Zine jaialdi baterako egindako beste film labur bat ere estreinatuko dute.
"Zine zikloak euskal pelikula ederrak ikusteko eta aldi berean Euskal Etxeko lagunon arteko harremana sendotzeko aukera paregabea ematen digu”, ziurtatzen dute euskal limatarrek. “Gainera, ‘Memoria Euskal Etxearen garaian’ proiektuak materiala bilatu eta biltzera eta ekoizpenak egitera ere bultzatzen gaitu eta hori interesatzen zaigun gauza da”, azaltzen digute.