Lima, Peru. Lekukoa La Platako Euzko Etxeari hartuz, Limako Euskal Etxeak antolatuko du aurten Mercomus Mus Txapelketa. Ekitaldiak eskatzen duen mailari eusteko, hobetze lanak egin ditu euskal etxe perutarrak bere egoitzan, tartean sukaldea berritu du, apainketa aldatu eta lehendakari ohien argazki galeria dotore bat emendatu dio egoitzako areto nagusiari. Obrak bukatuta, lagunen arteko afaria egin zuten joan den astean, giro berria ospatze aldera.
Limako Euskal Etxean egindako hobekuntza lanak inauguratzeko afaria, joan den astean
2025eko Mercomus Txapelketara Argentina, Txile, Uruguai, Venezuela eta Peru bertako bikoteak bilduko dira, apirilaren 23tik 27ra arte luzatuko den norgehiagokan. Kultura eta aisialdi ekintzek ere osatuko dute Berpìzkunde igandez Aberri Eguneko ospakizun berezi batekin bukatuko den egitaraua. Lehiakideek Miraflores auzoko Señorial Hotelean hartuko dute ostatua eta bertan egingo dira programapeko gosariak.
Mercomus 2025
- Apirilaren 23an, asteazkena, 20:30etan: Harrera eta muslari, delegatu eta laguntzaileen aurkezpenak Euskal Etxean. Koktela.
- Apirilaren 24an, osteguna, 9etan: Mus partidak; 13etan: bazkaria; 15:30etan: Mus Partidak; 21etan, afaria Euskal Etxean.
- Apirilaren 25ean, ostirala, 9etan: Mus partidak; 13etan: bazkaria; 15:30etan: Mus Partidak; 20:30etan, afaria Limako 'Regatas' Klubean. 19etan aterako da ibilgailu bat hoteletik.
- Apirilaren 26an, larunbata, 9etan: Mus partidak; 12:30etan: ikuskizuna zaldiekin eta landa bazkaria Pachacamac leku arkeologikoan. 10:30etan aterako da ibilgailua hoteletik. 18etan, Mus Partidak. Behar izanez gero berdinketa hausteko partidak; 22etan, sari banaketa; Txapelketa bukaerako afaria Euskal Etxean.
- Apirilaren 27an, igandea, Aberri Eguna, zelaian. Muslari, delegatu eta laguntzaileak gonbidatuta daude ospakizunera
Mus Txapelketaz gain, betiko jarduerekin jarraitzen du Limako Euskal Etxeak, tartean euskara klaseak, bilera egitaraua, ostegunetako afariak… Martxoaren 8an, gainera, Emakumearen Nazioarteko Egunean omenaldi berezia egingo diete etxeko emakumeei.
- Limako Euskal Etxea Facebook-en, Euskaletxea Centro Vasco - Perú