Lima, Peru. Alderdi jeltzaleko bi ordezkariek burutu berria dute bisitaldi ofizial bat Hego Ameriketara. EBBko presidente Andoni Ortuzar-ek eta Nazioarte Gaietarako burukide den Mikel Burzakok Limako Euskal Etxea bisitatu zuten urtarrilaren 18an. Euskal Etxeak jakinarazi digunez, elkarteko lehendakari Raul Noblecilla eta Zuzendaritzako kide diren Juanjo Meneses Berasategui, Ignacio Ortuzar eta Alberto Escobal izan zituzten anfitrioi eta bileran Euskadi eta Peruren arteko loturak eta euskal etxeak garatzen dituen ekintzak izan zituzten hizpide.
Gogora dezagun Limako Euskal Etxeak euskal jaiak ospatzen dituela urtean zehar eta dantza eta euskara klaseak eskaini dituela, Korrika bezalako ekitaldiak ere antolatuz. Bertako jardueren artean, memoria historikoa berreskuratzeko xedez elkartea egiten ari den lana bereziki interesgarria iruditu zitzaien ordezkari europarrei.
Agendarekin jarraituz, Cuzco herrira bidaiatu zen Ortuzar eta bertan ‘bisitari berezia’ izendatu zuen Víctor Boluarte alkateak. Urtarrilaren 20an Txilera abiatu zen ordezkaritza, bidaiako hurrengo pausoan..