euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Limako Arantzazuko Amaren Kofradiak eta Anaidiak Aberri Eguna ospatu zuten Peruko zazpi hiritan

2013/04/29

Limako Arantzazuko Amaren Anaidiaren 4. Mendeurreneko ekitaldien barruan, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zen San Martin Unibertsitatean (argazkia CVAL-EuskalKultura.com)
Limako Arantzazuko Amaren Anaidiaren 4. Mendeurreneko ekitaldien barruan, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zen San Martin Unibertsitatean (argazkia CVAL-EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Aberri Eguneko ospakizunak Peruko zazpi hiritara zabaldu dira aurten, Limako Arantzazuko Amaren Kofradiak eta Anaidiak sustatu duten ekimenari esker. Kofradiak jakitera eman duenez, euskaldunek eta euskaldunen ondorengoek bat egin zuten ekitaldiotan eta meza eta afariekin ospatu zuten egun hau Limako egoitzan, eta Puno, Arequipa, Trujillo, Cajamarca, Jauja eta Ica hirietan.

Lima, Peru. Limako Arantzazuko Amaren Kofradiak eta Anaidiak Aberri Eguneko Afaria izeneko ekitaldiak sustatu zituzten Peruko hainbat hiritan, bertako euskaldunak eta euskaldunen ondorengoak bilduz. Jaia Limako Kofradiaren egoitzan ez ezik, beste sei hiritara ere zabaldu da aurten, iturri berek zehaztu duetenez, izan ere Puno, Arequipa, Trujillo, Cajamarca, Jauja (Peruko hiriburua izan zena, Lima baino lehen) eta Ica hirietara.

Bestalde, Kofradiako zein Anaidiko zuzendaritzek adostu dute bi elkarteen artxiboak Fondo Editorial Periodística Oiga elkarteari ematea, elkarte honek gorde eta zabal ditzan. Artxibo horiek zinez aberatsak dira; zehazki, 75.000 liburu, dokumentu eta bilduma piezatik gora.

Fondo Editorial Periodística Oiga erakundea Francisco Igartua Rovira kazetariaren omenez sortua da. Igartua euskal-peruarra duela bederatzi urte hil zen, Peruko kazetaritza eta euskal munduan arrasto sakona utziz. Elkarteak bere lanarekin jarraitzea du helburu.

Hitzaldiak uztailean

"Anaidiko eta kofradiako artxiboen digitalizazio lana ekaina aldera amaitzea espero dugu eta horren ostean, uztailean, hitzaldi sail berri bat izango dugu, Oscar Alvarez Gila historialariarekin", azaldu dio EuskalKultura.com-i antolakuntzako kide Jhon Bazan Aguilar-ek.

Azkenik, elkarteak Peruko Abokatuen Elkarte Nazionalarekin lankidetza akordioa sinatuko duela iragarri du, horren bitartez beharra duten euskal immigranteei lege laguntza emateko. "Horrela Anaidiaren jatorrizko helburuak berreskuratzen ari gara", azaldu du Bazan-ek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia