euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Liburuaren Eguna ospatzeko ekimen berritzaileak Bartzelonako eta Sydneyko euskal etxeetan

2013/04/18

Bartzelonako Euskal Etxeak une batez idazle izateko proposamena luzatu die bazkide eta lagunei Twitter bidezko ipuin lehiaketen bidez
Bartzelonako Euskal Etxeak une batez idazle izateko proposamena luzatu die bazkide eta lagunei Twitter bidezko ipuin lehiaketen bidez

PUBLIZITATEA

Datorren asteartean, apirilaren 23an, Liburuaren Eguna ospatuko da nazioartean eta munduko zenbait euskal etxek literatura eta, bereziki, euskal literatura, sustatzeko ekitaldiak antolatu dituzte. Horretan eskarmentua du Bartzelonako Euskal Etxeak; izan ere urteak daramatza euskal letrei eskainitako Literaldia jaialdia antolatzen. Horren baitan, Twitter bidez 140 karaktereko mikroipuinak eta taldean sortutako ipuintzarra ari dira osatzen. Sydney-ko Gure Txokok, bere aldetik, ideia sinple baina eder batez ospatuko du eguna: elkarteko bazkideek euskal olerkiak irakurriko dituzte, ordubeteko irakurraldian, eta ondoren liburu trukea egingo dute.

Donostia-San Sebastián. Datorren asteartean, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu osoan, Katalunian Sant Jordi egunarekin batera. Horren karira, Bartzelonako Euskal Etxeak Literaldia'13 izeneko jaialdia antolatu du apirilean, Euskal Herriko idazleen lana ezagutzera emanenez katalanen artean. Horrez gain, gogoratru behar da aurreko edizioan elkarte euskal-katalanak Twitter bidezko ipuin lehiaketa orijinala jarri zuela abian eta, iazko arrakasta ikusirik, egun batez idazle izateko gonbitea egin diela aurten ere euskal etxeko bazkide, lagun eta parte hartu nahi duten guztiei.

Izan ere, edonork parte har dezake lehiaketa horietan. Lau aukera daude:

  • #mikroipuina: euskaraz, gehienez 140 karakteredun istorio laburrak idaztea
  • #ipuintzarra: euskaraz, baina talde lanean twitter bidez osatzen den ipuina. Partehartzaile bakoitzak gehienez 140 karakteredun pasartetxoa eginez jarrai dezake narrazioa
  • #mikroconte: katalanez, 140 karakterreko ipun laburrak
  • #megaconte: katalanez, talde lanean osatzen joango den ipuin luzea

Ipuin luzeak osatzeko epea, katalanez ala euskaraz, apirilaren 26a arte egongo da irekita. Lehendabiziko twit-a idazle ezagunek jarri dute: katalanez, Quim Monzó-k eta, euskaraz, Harkaitz Canok. Irabazleek liburu sorta bana jasoko dute.

Sydney-en irakurraldia eta liburu trukea

Australiatik Liburuaren Eguna era erraz baina ederrean ospatzeko ekitaldi baten berri eman digu Sydney-ko Gure Txoko euskal etxeak. Ospakizunaren antolatzaileek bazkideen artean bolondresak eskatu dituzte, igande honetan egingo duten ospakizunean euskal olerkiak irakurtzeko. Hitzordua euskal etxearen egoitzan izango da, 13:00etan. Orduan hasiko da irakurraldia eta --nahikoa lagun ausartzen badira partehartzera, animo denei!--, ordubete luzatuko da, 14:00ak arte.

Ondoren bazkaria egingo da Gure Txokoko frontoian eta, bazkalostean, liburu trukea egingo dute bazkideek. Horretarako, bakoitzak gustuko duen liburu bat eramango du eta, ondoren, elkarteko beste norbaitek aukeratutakoa jasoko du trukean. Literaturaz eta bakoitzak maite dituen liburuei buruz hitz egiteko aitzaki ederra izango da. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia