euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Liburuak DJen ordez', 'Gaueko hitzak' eta literatur afari bat, Frankfurteko 2010 Azokako euskal hitzorduak

2010/10/04

Iazko euskal standeko irudi bat
Iazko euskal standeko irudi bat

PUBLIZITATEA

Urtero ohi duenez Alemaniako Euskal Ikasketen Etxeak hainbat ekitaldi antolatu ditu etzi zabalduko den Frankfurteko Liburu Azokan. Alde batetik, Edorta Jimenez idazleak 'Liburuak DJen ordez' saioan parte hartuko du, euskal literaturari buruz mintzatuz Radio X irratian, eta Martin Petrusek irrati berean Harkaitz Canoren 'Pasaia Blues' liburua alemanez irakurtzen bukatuko du. Ostegunean azokara doan euskal ordezkaritzak Frankfurteko euskara ikasle eta idazleekin bat egingo du hiriko sagardotegi batean literatur afaria egiteko. Eta badago besterik...

Frankfurt, Alemania. Frankfurtera datorren euskal ordezkaritzak (idazleak, editoreak eta Kultura saileko arduradunak) aurten ere Alemaniako Euskal Ikasketen Etxearen ongi etorri beroa jasoko du. Elkarteak, urtero bezala, azokan egiten diren euskal literaturari buruzko ekitaldietan parte hartuko du eta, are gehiago, hainbat ekitaldi berezi eta deigarri antolatu ditu. "Gutxienez bi egun, oso euskaldun izango ditugu hemen Frankfurten", azaldu dio EuskalKultura.com-i Martin Petrus elkarteko koordinatzaileak.

Hasteko, etzi asteazkenean, aurten Argentina ohorezko gonbidatu hartu duen 2010 Azoka hasiko den egunean, Petrus berak Harkaitz Canoren 'Pasaia Blues' eleberriaz azken hilabeteotan egiten aritu izan den irrati irakurketa bukatuko du. Liburua 2009 urtean argitaratu zen Alemanian, Petra Elsarrek itzulia, Pahl-Rugenstein argitaletxeko Zubiak euskal bilduman. Joan den abuztuan eta irailean Petrus eleberriaren kapituluak irakurtzen aritu da Radio X irratian, asteazkenero eguerdiko ordu batean. Etzi, irratsaioaren jarraitzaileek "Cesar Telleria ertzaina, Olatz eta Marta komandokideak eta Pasaian iraunbizitzen saiatzen diren beste pertsonaien istorioa nola bukatzen den jakingo dute", esan du Petrusek. 

Liburuak DJen ordez

Etzi ere, baina gauean, euskal eta kataluniar literaturari buruzko saio berezia eskainiko du RadioX-ek, 'Liburuak DJen ordez' lelopean. Besteak beste Edorta Jimenez idazleak parte hartuko du, irakurketa eta pasadizoekin, Euskal Herriko literatur arloko azken nobedadeen berri ematen. Hamaiketan hasi eta goizaldeko ordubiak arte luzatuko da saioa.

Biharamunean, urriaren 7an, Irati Jimenez eta Patxi Zubizarreta idazleek egungo euskal literaturari buruzko solasaldia egingo dute, euskaraz eta ingelesez 'Gaueko Hitzak' izenburupean. Euskal Editoreen Elkarteak antolatu du hitzaldia eta azokako 5.1 pabilioiako Clients Lounge aretoan izango da, 10:00tan. Horrez gain, urriaren 10era arte, euskal argitaletxeek euren nobedadeak aurkeztuko dituzte euskal standean.

Sagardotegia Frankfurten

Euskal ordezkaritzaren bisita lege onean bukatzeko euskal etxeak afaria antolatu du Buchwald jatetxean, alemaniar estiloko sagardotegi batean. Menua euskal eta alemaniar gastronomia nahasketa bat izango da. Literatur puntua Irati Jimenez, Edorta Jimenez eta Patxi Zubizarreta idazleek, Jörg Stier idazle eta sagardogile alemaniarrak eta Luxenburgeko idazle George Hausemer-ek jarriko dute. Informazio gehiago edo afarian izena emateko jo hona.

Bukatzeko, aipatu, Frankfurteko euskara ikasleek mintzapraktika saio bat egin ahal izango dutela M. Maiztegirekin asteazken eta ostegunean, euskal ekitaldien barruan.

-Azokaren webgunea: www.buchmesse.de/de/fbfm



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia