euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Liburua aurkeztu zuten atzo Iruñean Bolivar-ko nafar gizataldeaz 1880 eta 1950 urteen artean

2010/10/26

'La colectividad navarra de Bolívar (1880-1950)' liburuaren azala, Liliana Bocquin Morionesek idatzia, Nafarroako Gobernuak plazaratua eta atzo arratsaldez Iruñean aurkeztua.
'La colectividad navarra de Bolívar (1880-1950)' liburuaren azala, Liliana Bocquin Morionesek idatzia, Nafarroako Gobernuak plazaratua eta atzo arratsaldez Iruñean aurkeztua.

PUBLIZITATEA

Obra Nafarroako Gobernuak argitara emana da eta Liliana Bocquin Moriones argentinara dauka idazle, Kasedako nafarren biloba bera, amaren aldetik. 'La colectividad navarra de Bolívar (1880-1950)' izenburupean, lanak Buenos Aires probintzia barneko Bolivarrera Nafarroatik hurreratutako emigrazioa hartzen du aintzat, euren jatorria, bertara emigratzeko zioak, bertan gizarteratzea eta gaur egun nafar ospakizun eta bestak atxikitzen daramaten lana. 500 aleko tirada egin da, eta 12 euroren truke plazaratu da.

Iruñea, Nafarroa. La colectividad navarra de Bolívar (1880-1950) du izena amaren aldetik aiton-amonak Kasedako nafarrak zeuzkan Liliana Bocquin Moriones argentinarraren liburuak eta, izan ere, Lujan-go Unibertsitate Nazionalean Historian lizentzia lortzeko egindako tesiaren egokitzapena da orain Nafarroako Gobernuaren eskutik argitara emandako izenburu hau. Liburua atzo aurkeztu zuten Iruñean exekutibo nafarreko Alberto Catalan sailburu eta eledunak, eta Jesus Antonio Esparza Iriarte Kasedako alkateak.

Lana Ameriketara joan ziren espainiar emigrazio korronteen baitan kokatzen du egileak, katea moduan, familia eta herri bereko dei efektuan oinarritua. Immigrazio espainiarren parte gisa eta immigrazio espainiarraren testuinguruan aztertzen du nafarren iristea eta presentzia Bolivarren, argentinaratzeko zioak eta fenomeno horretan eman ziren faktore, ezaugarri eta jakingarriak aipatuz.

1954ean sortutako Nafar Etxea

Hirugarren atalak nafarrak nola txertatu eta egokitu ziren bertako gizartean eta lan munduan aztertzen du. Herkideek iritsi berriari harrera egiten, lana topatzen laguntzen, eta oro har leku berriko bizitza antolatzen egindako ekarpena hartzen du aintzat. Laugarren atalak Bolivarko nafarren elkartzeko joera eta biltzeko espazioak ikutzen ditu, baina guztia 1954ean sortu zen Nafarroako Etxeari dagokionean.

Azkenik, Bolivarko partidu edo eskualdean kokatu ziren zenbait nafarren istorio, lekukotasun eta jakingarri pertsonalak biltzen ditu.

Liliana Bocquin Moriones frantsesa da aitaren aldetik eta nafarra amarenetik. Pergaminon --Buenos Aires probintzian baita ere, baina iparralderago-- jaioa, bi urte zituenetik Bolivarren bizi da. Eskola maistra, 1973an Historia irakasle titulua atera zuen Buenos Airesen eta irakasle lanetan ibili da eskola pribatu eta publikoetan. 2009ko martxoan Historian lizentziatu zen Lujango Unibertsitate Nazionalean, horretarako Bolivarko nafarrei buruzko tesia eginez.

-Liburu honen 500 nale atera dira eta 12 eurotan salgai ipini da Nafarroako Gobernuko Argitalpen Fondoan (telefonoa, 848 427121; faxa, 848 427123; e-maila, fondo.publicaciones@navarra.es) eta Nafarroako hainbat liburudendatan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia