euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Liburua aurkeztu dute Iruñean Juan de Palafox-ez, Fiteron jaioa berau, Pueblako gotzain eta erregeorde izana

2010/09/07

Nafarroako Gobernuak eman du argitara 'Varia Palafoxiana'.
Nafarroako Gobernuak eman du argitara 'Varia Palafoxiana'.

PUBLIZITATEA

Joan den abuztuaren 27an aurkeztu da Iruñean 'Varia Palafoxiana' liburua, Nafarroako Gobernuak argitara emanik 1600ean Fiteron (Nafarroa) jaio zen Juan de Palafox y Mendoza-ren bizia eta ekarpenak 380 orrialde eta 12 artikulutan aztertzen dituena zenbait adituren eskutik. Palafox Pueblako (Mexiko) apezpiku eta Espainia Berriko erregeorde izan zen, erreformatzaile, idazle oparoa, olerkari eta editore, arte eta musika arloko mezenas, indioen babesle, legegile eta aszeta.

Iruña-Pamplona. 'Varia Palafoxiana'k Juan de Palafoxi buruzko hamabi lan edo artikulu biltzen ditu, honako aditu eta ikerlariek sinatuak: John H. Elliott (Oxford Unibertsitatekoa, Erresuma Batua); Nancy H. Fee (Columbia Unibertsitatekoa, Estatu Batuak); Montserrat Galí (Pueblako Unibertsitate Autonomokoa, Mexiko); Ricardo Fernández (bi azterlan ditu), Mercedes Galán, Fermín Labarga, Pilar Latasa, Ignasi Saranyana, Jesús María Usunáriz eta Miguel Zugasti, Nafarroako Unibertsitatekoak; eta Ildefonso Moriones, Karmeldar Oinutsen postulatzaile nagusia Erroman.

Liburua Palafoxen artxibo partikularra eta funts dokumentala osorik katalogatu ondoren argitaratu da. Horri esker, Palafoxen irudia zehatzago ezagutu daiteke, 2011erako aurreikusita dagoen bere beatifikazioaren aurretik. Aurkezpenak Palafoxen Ostiralak izeneko hitzaldien zikloa amaitzearekin bat egin du, zikloa Nafarroako Unibertsitateak antolatua, Foru Gobernuarekin eta beste entitate eta erakunde batzuekin lankidetzan, Fiteron egina uztaileko eta abuztuko ostiraletan.

1.000 ale eman dira argitara eta 15 euroren truke eskura daitezke Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Zerbitzuan (Navas de Tolosa kalea 21, Iruñea) eta liburu-dendetan. Internetez, hemen.

Ikus: www.cfnavarra.es/publicaciones

Biografia

Juan de Palafox y Mendoza Fiteron jaio zen 1600. urtean. Espainia Berriko erregeordea eta Puebla de los Ángelesgo (Mexiko) gotzaina izan zen, eta geroago, Burgo de Osmako (Espainia) gotzaina. Aragoiko noble baten semea zen, Arizako markesaren semea, eta ama alarguna zen. Geroago, ama Zaragozako komentu batean sartu zen eta bertako priore izendatu zuten.

Calatayuden Olivares konde-dukearekin bildu eta azken horrek Filipe IV.aren gorterako kooptatu zuen, eta bertan hainbat kargu izan zituen erregearen aholku-organoetan, baita Indietako Kontseiluan ere. 1629an Kontseiluko kidea zen, eta urte horretan apaiz ordenatu zen.

1639an Indietara joan zen, Pueblako gotzain izendatu baitzuten. Hiri horretan katedrala eraiki zuen, eta geroago Espainia Berriko erregeorde izendatu zuten. Palafoxen Liburutegia sortu zuen eta lan publizista, pastoral eta kanoniko oparoa egin zuen. Espainiara 1649an itzuli zen eta Aragoiko Kontseiluko kide eta Burgo de Osmako gotzain izan zen 1959an hil zen arte.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia