euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Liburu hautatua: "Lo que cabe en una valija" egunkari intimoa, euskal birramona bat eta adiskidetzen duen irakurketa

2024/02/16

‘Maleta batean sartzen dena’ (“Lo que cabe en una valija”) liburuaren azalean, Donostiako baranda eta badia
‘Maleta batean sartzen dena’ (“Lo que cabe en una valija”) liburuaren azalean, Donostiako baranda eta badia

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Harritu ginen Buenos Aireseko liburudenda batean 'Lo que cabe en la valija' (maleta batean sartzen dena) topatu genuenean. Beste hainbat liburu artean zegoen, nork daki, gure zain agian, esan nahi baita norbaitek gainbegiatu, hautatu, erosi eta irakurtzeko magia gertatzearen zain. Gu euskaldunak izanik, ezin ukatu azalean Kontxako badia eta baranda agertzeak arreta eman zigula, eta ale bat erosi genuen. Baita irakurri ere, eta ikasi genuen egilea euskalduna ez bada ere, liburuak bai duela ikutu eta lotura zuzena Euskal Herria eta euskaldunekin, euskal gizakiekin, guztiok baikara gizaki. Egunkari intimo bat da, eta ez dugu gehiago esango. Animatu nahi zaitugu zeuk irakurtzera.

Hona helburu hori duen artikulua. Has gaitezen

1939ko abuztuaren 14a - Maitek oparitutako egunkari honetan hasi naiz idazten. Maite, nire lagun mina, ezagutu dudan neskarik atseginena. Atzo utzi dit eskuetan, zetazko paperean bilduta. Bere aitak Genovatik ekarri zion, opari, bere urtebetetzerako, baina berak ez du idazteko gogorik. “Zuk nik baino gehiago behar duzu, pena asko dituzu bihotzean” esan dit belarrira. “Idatz itzazu arinago egin daitezen”.

Kasu egingo diot eta nire pena handiarekin hasiko naiz: gure aitaren heriotza. Bi hilabete pasa dira jadanik eta sekretuak eta heriotzaren inguruko isiltasunak oinazetu egiten naute. Ozenki galdetzen dudanean, “Ezin da horri buruz hitz egin. Isil hadi, neskato, isil hadi” dio anaiak. Eta insistitzen badut gauza bera esaten du beti amak: goizean atera zela denda irekitzera eta ez zela bueltatu. Hori dela dena. Onartu behar dugula.

Esaldi hauekin hasten da Engraciaren egunkari intimoa. Euskara debekatua, frankismoa zelatan eta lantegi giroko Bilbo zikina osatzen dute berak eskuz idanzten duen liburuxka, ‘Maleta batean sartzen dena’ liburuaren barruan datorren beste historia. Engracia bezala, egunkaria ere iritsiko da Buenos Airesera eta bertan bi neska elkartuko ditu: behartuta bere herria utzi behar izan duen gazte bilbotarra eta, ia mende bat geroago, antzeko egoera batean dagoen bere birbiloba argentinarra.

Andrea Braverman idazlearen hitzetan, “Eleberriak bi belaunaldiren arteko elkarrizketa da. Bi emakume hauek ez dute elkar ezagutzen, ez dira garai batean bizi baina haien artean dagoen harremana denboraren mugak gainditzen ditu. “Engraciak utzi behar izan du bere herria arrazoi politikoengatik. Solek, bi belaunaldi gazteagoak, egoera bertdintxu bat bizi behar du bere familiak bizi kalitate hobea izateko, Espainiako hegoaldera mugitzea erabaki duenean”.


Engraciaren egunkari intimoak eta Solen Whatsappeko mezuek bat egiten duten 'Lo que cabe en una valija' eleberrian

“Adierazi nahi izan dudana da ez dagoela distantzia handirik gaur egungo eta duela 70 urteko nerabeen artean. Hau da, komunikatzeko tresna ezberdinak dituzte, jakina – Engraciak bere egunkari intimoa, Solek bere mugikorra– baina gizakion muina berdina da beti. Tristura, zoriontasuna, asmoak… berdinak dira”, azaldu digu Braverman-ek.

Idazleari buruz

Andrea Braverman argentinarra da eta umeentzako liburu batzuk ditu argitaratuta. ‘Euskal mundu’ honetan murgiltzeko aukera Marité Schmidt Arrieta bere editorearen eskutik iritsi zitzaion. Berak proposatu zion nerabeei begirako eleberri bat idaztea, immigrazioaren inguruan eta euskal etorkinen inguruan zehatz mehatz. “Nik ez neukan inongo harremanik euskal gizataldearekin. Txikitan, oporretan, Necocheako euskal etxeko jatetxera joan ginen pare bat aldiz, hori baino gehiago ez nekien. Liburu hau idazteko erronka onartu nuenean hasi nintzen oso ikerketa serioa egiten. Iturri fidagarriak irakurri nituen, garaiko testigantzak bilatu… Nire sorpresarako Euskal Herriaren eta nire herriaren arteko lotura batzuk aurkitu ditut eta identifikatuta sentitu naiz. Euskaldunak eta juduak jazarriak izan dira, biek dute beren diaspora, herriminak ere inguratzen ditu bi komunitateak… Nire lanari dagokionez, istorio sinesgarri eta hunkigarriak egin nahi ditut, irakuleari zer pentsatu behar duen esan gabe… Espero dut hori lortu izana!”, adierazi digu idazleak.

‘Maleta batean sartzen dena’ (“Lo que cabe en una valija”) gaztelaniaz dago, Argentinako Quipu argitaletxeak kaleratu du 2023ko azaroan eta denbora gutxian erantzun oso ona izan du irakurleen artean. Aurkezpen ofiziala Buenos Aireseko aurtengo Liburu Azokan izango da, baina hiriburuko euskal etxe batean aurkezteko aukera ez da baztertzen. Liburua dagoeneko Argentina osoko liburu dendetan dago. Argitaletxearen denda digitalean ere dago salgai, link honetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia