Gero eta arrakastatsuagoa da San Miguel hiri argentinarrak antolatzen duen ‘Liburu Gaua’ ekitaldia. Aurten, 20.000 lagun baino gehiagok bisitatu zuten erakustaldia, mota askotako standek eta kultur proposamenek erakarrita. Urtero bezala, aurten ere hartu du parte ekimenean herriko Askatasunaren Bidea Elkarteak eta partaidetzaren oso balantze ona eginez gainera. Lagun anitz hurbildu zen euskal txokora Elkartea ezagutu eta bat egiteko asmoz.
San Miguel, Argentina. Abenduaren 1ean eta 2an burutu zen Buenos Aires probintziako San Miguel hirian ‘Liburu Gaua’ izeneko ekitaldia. Bi egunetan zehar, musika eta dantza ikuskizunak, liburu aurkezpenak eta hitzaldiak egin ziren aire librean, ‘Vieja Estación’ delako gunearen aurrean hain zuzen.
Hiriko euskal taldeak urtero hartzen du parte ekitaldian eta aukera paregabea izaten du, euskara eta euskal kulturaren alde egiten duen lana ezagutarazteko. Are gehiago, kide berriak gehitzeko ere balio dio ekintzak: aurten 40 lagunek egin zuten bat Askatasunaren Bidea proiektuarekin.
Taldeko erreferente den Horacio Marotto Etxezaharrek adierazi dio EuskalKultura.om-i “jakinminak bultzatuta" etortzen zaiela jendea. "Gai askori buruzko galderak egiten dizkigute, hala nola abizenei buruz, euskarari buruz edota sukaldaritzaz. Guk erantzun egiten diegu eta urteko gure ekintzetara gonbidatzen ditugu, hitzaldietara, euskara klase eta tailerretara eta zine ziklora, esaterako. Datorren urtean aurtengoaren antzeko programa batekin jarraituko dugu, beti zazpi lurraldeetako euskal kultura eta hizkuntza sustatu eta zabaltzeko xedearekin”.
Urte amaierako afaria
Urteko azken ekintzara etortzeko ere luzatu dute gonbitea Askatasunaren Bidea Elkarteko lagunek. Afaria San Miguel Klubeko jatetxean (Angel D’elia 1360) izango da, abenduaren 16an, 20:30etan. Parte hartu nahi duenak bere izen eman behar du askatasunarenbidea@gmail.com helbidera idatzita, abenduaren 10a baino lehen.