euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Liburu berria Argentinan euskal emigrazioaz, "Euskaldunak eta estantzia curuzucuatiarra" (sic) azpititulupean

2015/10/21

“Euskaldunak eta estantzia curuzucuatiarra” liburuaren azala. Liburua gaztelaniaz bada ere, euskarari presentzia eman  nahi izan diote egileek azalean.
“Euskaldunak eta estantzia curuzucuatiarra” liburuaren azala. Liburua gaztelaniaz bada ere, euskarari presentzia eman nahi izan diote egileek azalean.

PUBLIZITATEA

Datorren astean aurkeztuko dute Juan Carlos eta Juan Pedro Zubieta Oria anaia euskal-argentinarrek, titulua gaztelaniaz "Los Vascos y la estancia curuzucuatieña" eta azpititulua euskaraz duela --“Euskaldunak eta estantzia curuzucuatiarra”-- argitaratu duten liburua. Corrientes probintzia argentinarrean dago Curuzú Cuatiá herria eta bertako euskal ondarea gordetzearren idatzi dute, bertako euskal ondorengoei zuzenduta, bereziki. Datorren astean aurkeztuko dute Corrientes hiriburuan eta hurrengoan Curuzu Cuatian. Moglia argitaletxeak kaleratu du.

Corrientes, Argentina. Etxalarreko Zubietarren eta Zeraingo Oriatarren ondorengo diren Juan Carlos eta Juan Pedro Zubieta Oria anaiak harro daude oso euren euskal sustraiez eta maitasun hori bihotzean idatzi dute liburua. EuskalKultura.com-i esan diotenez, “gure sendian beti landu da euskaltasunarekiko harremana. Pilota arloan bereziki, familiako kide batzuk pilotari handiak izan direlako, eta baita nekazaritza eta abeltzaintzan ere. Bi jardunbide hauek Zubieta eta Oria familien bizibidea izan dira, eta guk gaur arte mantendu ditugu”, esan digute 'Euskaldunak eta estantzia curuzucuatiarra' liburuaren egileek.

Banatuta dagoen atalei dagokienez, gai orokorrekin hasten da testua, euren familiaren kasu zehatzarekin amaitzeko. “Hasteko, euskaldunak aipatzen ditugu orokorrean, euren jatorria, izaera eta ohiturak, ezagutzen ez dituztenentzat. Horren ostean, migrazio prozesuaren arrazoiak komentatzen ditugu eta Uruguai Ibaiko bidean (Montevideo eta ibai gorako portuak) sakontzen dugu, hori izan baitzen gure arbasoek jarraitu zuten bidea. Euskaldunen lanbideen eta euren izaeraren arteko parekotasuna ere aztertu eta orriratzen dugu eta horri lotuta Argentinan abeltzaintzan izan zuten arrakasta eta ardi hazkuntzan izan zituzten lorpenen zergatiak azaltzen saiatzen gara", dioskute.

“Euskal etorkinek Argentinaren garapenean izan zuten eragina ere aipatzen dugu eta atal berezi batean azaltzen dugu nola izan zen lurraren banaketa eta nola sortu ziren estantzia curuzucuatiarrei sorrera eman zieten unitate ekonomikoak. Liburuaren amaieran, gure aitona-amonei zuzendutako atal bat gehitu dugu, Curuzu Cuatiako euskaldunen pasadizo batzuk ere bilduta”, laburtu digute.

Tonu atseginean idatzita, liburua euskal ondorengoei dago zuzenduta gehienbat, Argentina osokoei baina bereziki Curuzu Cuatiakoei, euren ondarea ezagutu eta gorde dezaten. “Hala ere, esan digutenez oso erraz irakurtzen da eta jakinmin pixkat duen edonork aise irakurriko du. Ikerketa fasean erabilitako iturriak anitzak izan dira: diaspora eta Argentinako eta Uruguaiko euskaldunei buruzko testu ugari kontsultatu ditugu eta baita nekazaritza eta artzaintzari buruzko materiala ere”, zehatzen dute Zubietarrek

Liburuaren aurkezpena

“Euskaldunak eta estantzia curuzucuatiarra” bi lekutan aurkeztuko da datozen asteetan. Lehenengo hitzordua urriaren 28an izango da, Corrientes hiriko Museo de la Artesania izenekoan, Miguel Raul Lopez Breard eta Constanza Perez Ruiz-en eskutik, gaueko 8:30etan. Azaroaren 5ean, berriz, Curuzu Cuatiako Kultura eta Arte elkartean izango da ekitaldia, gaueko 8:30etan, Carlos Lezcano eta Teresita del Pilar Candia de Zamudio partaide.

Aurkezpenetara bertaratu ezin baina liburua eskuratzeko interesa dutenek Moglia argitaletxearen bitartez egin dezakete. argitaletxearen egoitzan (La Rioja kaleko 755 zenbakian, Corientes hirian) edo webgunearen bidez.

Egileak pausoak eman dituzte dagoeneko liburua Euskal Herrian ere aurkezteko, datorren urteko udan seguruenik.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia