Corpus Christi, Argentina. Asteburu honetan Corpus Christiko Eusko Etxeak —Argentina iparraldeko Misiones probintzian— bere urteroko Euskal Kultur Jaia egingo du, bi urteko lehoraldiaren ondotik pandemiagatik. Komunitate osoa elkartzeko eta ospatzeko irrikan dago. Bi eguneko jaia izango da eta, aurreko urteetan bezala, Cesar Arrondo irakaslearen bisita jasoko dute. Euskal Etxearen Zuzendaritza Batzorde berritu berriak jairako honako jarduera programa iragarri du:
Uztailaren 9an, larunbata, goizean egingo den ekitaldi baten ondoren, Eusko Etxeko zenbait kidek Oberako Liburu Azokan parte hartuko dute. Elkarteko lehendakariorde Julio Markiewicz-ek “Anecdotario y Reflejos de una pandemia” (Pandemia bateko pasadizo eta isla) liburua aurkeztuko du. 2020an argitaratua, liburuak Eusko Etxearen 2019 eta 2020ko Literatur Lehiaketetako ipuin irabazleak baitaratzen ditu. Era berean, Olga Leiciagak bere "Diálogos confidenciales con el Atrapa Sueños" (Amets Harrapatzailearekin elkar konfidentzia-solasean) liburua aurkeztuko du, hezkuntza-esperientzietan oinarrituta, eta César Arrondo irakasleak "Balbín" liburua aurkeztuko du.
Jaiaren egun nagusia igandea izango da, uztailaren 10ean, eta goizean hasiko da Eusko Etxean argazki erakusketa batekin. Bertako zuhaitzen, loreen eta, bereziki, Misioneseko orkideen argazkiak ikusgai. Herriko komunitate osoa dago gonbidatuta. 16etan Cesar Arrondok hitzaldia emango du, “La Nación Vasca. Pérdida de su independencia y la actualidad” (Euskal nazioa, independentziaren galera eta egungo egoera) izenpean, larunbatero egin izan den kultur tailerrari amaiera emanez. Tailerra ekainaren 2an hasi zen, Sara Pagola Eusko Jaurlaritzako ordezkariaren bisitarekin eta “Euskadi. Un pueblo ancestral que ama la vanguardia” (Euskadi, aspalditik datorren herri abangoardia maitalea) izenpean eman zuen hitzaldiarekin.
Igande arratsaldean, Arrondoren hitzaldiaren ostean, larunbatean Oberako Liburu Azokan jendaurretutako hiru liburuak aurkeztuko dira, oraingoan Eusko Etxearen egoitzan eta bertako bazkide eta lagunentzat. Ondoren “mate-hartzea” eta kantuak eta. iluntzean, Eusko Etxeko bazkide eta lagunek afaria partekatuko dute, aurtengo jaiari azken agurra emanez.