euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lezama herria, Buenos Aires probintzian, 'Otegui/Otegitarrak munduan' taldekideen bilgune izango da martxoaren 23an

2016/03/03

Argazkian, Leaburuko (Gipuzkoa) familien zuhaitz genealogikoa, tartean otegitarrak, Washington DCn bizi den Ignacio Oteguiren eskutik, Renotik Lisa Corcosteguiren lankidetza teknikoarekin egina
Argazkian, Leaburuko (Gipuzkoa) familien zuhaitz genealogikoa, tartean otegitarrak, Washington DCn bizi den Ignacio Oteguiren eskutik, Renotik Lisa Corcosteguiren lankidetza teknikoarekin egina

PUBLIZITATEA

Otegui/Otegitarren lehenengo elkarretaratze argentinarra Buenos Aires probintziako Lezaman egingo da eta nahiz eta iragarritako data martxoaren 23a izan, antolatzaileak ziur daude jaiak 24ra arte iraungo duela. Deialdiako koordinazio lana Estatu Batuetan bizi den Ignacio Otegui leaburuarraren, Lezama argentinarreko Rodolfo Godofredo Oteguiren eta Entre Riosko probintzia argentinarreko Liliana Oteguiren eskutik etorri da eta ekitaldiak Euskal Herriko, Uruguaiko eta Argentinako otegui/otegitarrak bilduko ditu.

Lezama, Argentina. Lezama izango da martxoaren 23an otegui/otegitarren elkargunea. Izan ere, arrazoi ona dago herri hau aukeratu izateko bilkurarako: bertan kokatu ziren 19. mendean, Euskal Herritik argentinaratu ziren Otegui Argaya anaiak, Topaketako antolatzaile nagusien aitonak.

“Gipuzkoan, Tolosa ondoan dagoen Leaburu herrian jaio ziren gure aitona Jose Antonio Otegui Argaya eta haren lau anaia Francisco Maria, Jose Francisco, Feliz (Felix) eta Buenaventura” azaldu dio EuskalKultura.com-i duela 35 urte Maryland-eko Laurel herrian bizi den Ignacio Otegui leaburutarrak. “Gure aitona izan zen Euskal Herrian geratu zen bakarra. Besteak 19. mendearen amaieran argentinaratu ziren eta Lezama herria hartu zuten bizileku. Orain, ni ere joango naiz Argentinara, lehen aldiz, eta otegitarren topaketan, aitaren lehengusuen ondorengo ugari ezagutuko ditut aurrez aurre! Aukera bikaina izango da”, kontatu digu frango ilusiopetuta.

Topaketa Aste Santu bezperan izango da, baina hazia aspaldian landatu zuen Ignacio Oteguik, bere familiaren zuhaitz genealogikoa sortu zuenean. “Urtebete eman nuen zuhaitza osatzen eta 1560 urtera iritsi nintzen. Ikerketa egiten ari nintzenean hamaika historia liluragarri ezagutu nituen; batzuk oso politak, beste batzuk tristeak, baina denak prozesu baten parte izan ziren”, azaldu digu Ignaciok.

Orain zuhaitz horren hainbat adar eta hostok elkar ezagutuko dute Lezama hirian. Topaketa bertako Don Alesio jatetxean izango da, Libres del Sur kaleko 480. zenbakian, 21etan. Deialdia Otegui Argaya anaien ondorengoei dago zuzenduta baina baita orokorrean ‘Los Otegui/Otegi en el mundo’ Facebookeko taldeko kideei ere. Izan ere, talde hau baliagarria suertatu zen oso senideak elkartu ahal izateko. Renorik, Lisa Corcostegui eta bere enpresa The Basque Branch, lankidetza teknikoa eman zuten arbola egiten.

-Informazio gehiago Facebookeko taldean



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia