Etxepare Euskal Institutuaren sostenguari esker euskal zineari eskainitako lehio berezia aurkeztuko du gaur Vancouverreko Latin American Film Festival zinemaldiak. The Cinematheque aretoan egingo da saioa eta bertan ikusgai izango dira, batetik Kimuak programako zazpi laburmetrai , eta bestetik “Urteberri on, amona!” filma. Luzemetraia honen zuzendaria, Telmo Esnal Vancouverren da egunotan, zinemaldiko epaimahaiko kide. Gaur aretoan izango da ikusleei bere filma aurkezteko.
Vancouver, Kanada. Ordu batzuk baino ez da izango, baina gaur euskaraz egingo du Vancouverreko Latin American Film Festival jaialdiak. “Let’s talk Basque!” sail berezian izango da eta bertan ikusgai izango dira “Urteberri on, amona!” komedia beltza eta Kimuak saileko zazpi laburmetrai: Lander Camareroren “A political story”, Aritz Morenoren “Cólera”, Izibene Oñederraren “Hotzanak, for your own safety”; Borja Cobeagaren “Democracia”; Raul de la Fuenteren “Minerita”, Aitor Iturrizak eta Bernat Gualek zuzendu duten “Una hora, un paso”, eta Asier Altunaren “Cutting grass”.
Emanaldiak The Cinemateque aretoan egingo dira, 13:00tan hasita. Sarrerak erosteko, jo zinemaldiaren webgunera: http://www.vlaff.org
Esnalen hurrengoa, "Dantza"
“Urteberri on, amona” filmaren zuzendaria, Telmo Esnal zarauztarra, Vancouverren da egunotan, zinemaldiaren epaimahaiaren kide. Esnalek esku artean duen hurrengo proiektua “Dantza” izeneko luzemetraia da, dantza munduari begiratu berezi eta berritzailea.
Egitasmo honetan Jose Antonio Urbeltz antropologo eta dantzaria, Koldobika Jauregi artista eta Argia Dantza Taldea ditu bidaide Esnalek. Proiektua finantziazio bila da, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren sostengua du. Euskal dantzak Diasporan dituen zale eta jarraitzaile kopurua kontuan izanda, filmaren garapen prozesua gertutik jarraituko dugu.
“Dantza” filma nolakoa izan daitekeen ikusi nahi? Hona teaser-a:
Dantza_Teaser_eusk from txintxua on Vimeo.