euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Leon Giecoren ‘La memoria’ kantuaren euskarazko bertsioa dakar Argentinan argitaratu berria den 'Memoria AMIA' liburuak

2017/07/19

'La memoria' abestiaren euskarazko azpitituluak Buenos Aireseko Euskaltzaleak-ek egin du
'La memoria' abestiaren euskarazko azpitituluak Buenos Aireseko Euskaltzaleak-ek egin du

PUBLIZITATEA

Argentinako elkarte israeldarra da AMIAk eta argitaratu berria du ‘Memoria AMIA’ liburua, Leon Giecoren ‘La memoria’ abesti ezagunaren bideoa nola filmatu zen azalduz. Gogora dezagun bideoan 1994ean Buenos Aires kolpatu zuen AMIAren kontrako atentatuaren biktimak oroituz egin zela eta hainbat sari garrantzitsu lortu dituela, 5 milioi erreprodukziora iritsiz. Lana 15 hizkuntzatan azpititulatu dute, tartean euskara. Euskal bertsioa Buenos Airesko Euskaltzaleak-eko ikasle eta irakasleek egina da.

Buenos Aires, Argentina. Atzo, uztailaren 18an, izan zuen urteurrena 1994an AMIA elkarteak Buenos Airesen pairatutako atentatu terroristak. Eta atzo bertan, AMIAko Artegunetik jakinarazi dute kaleratu berri dutela ‘Memoria AMIA. Somos lo que recordamos’ (Memoria AMIA. Gogoratzen duguna gara) liburua. Bertan ‘Memoria AMIA’ ekimenaren arduradunek hainbeste oihartzuna lortu duen Leon Giecoren 'La memoria' kantua eta atentatuan hildakoen aldeko bideoa eta omenaldia nola egin zen azaltzen dute. Ehun kantari argentinar izan zituen lankide proiektuak, deialdi anitzarekin bat egin zutela “adin, estilo eta ideologia guztietako abeslariak”, kantuaren bertso bana.

AMIAko Artegunetik EuskalKultura.com-i azaldu zaionez, “Memoria AMIA proiektua elkartearen baitan sortua da, memoria bizirik mantentzeko eta justizia aldarrikatzeko". "2016an hasi zen, atentatuaren 22. urteurrenean, Leon Giecoren ‘La memoria’ abestia abiapuntu hartuta. Abestiak, ‘ereserki’ bihurtuta, 1994ko atentatua ez ezik Argentinan eta Hego Amerikan sufritu ditugun beste hainbat sarraski ere salatzen ditu”.

Bideoa iaz estreinatu zen eta berehala zabaldu zen gizarte sareei eta hedabideei esker, oso kritika onak jasoz. Zabalkundean eta irimenean laguntzeko, kanta zenbait hizkuntzara itzularazi zen, tartean, alemana, arabiera, armeniera, ingelesa, italiera, portugesa, hebraiera, frantsesa, japoniera, txinera eta euskara.

Euskal azpitituluak

Abestiaren letra euskaratzeko Buenos Aireseko Euskaltzaleak Euskaltegira jo zuten AMIAko lagunek. Bertatik adierazi digutenez, "zalantzarik ez genuen izan eta berehala eman genien baietza. Batetik, galdetzea bera ere ohoretzat hartu genuen, euskara eta gure euskaltegia ‘Memoria AMIA’ proiektuko parte izatea. Eta nolabaiteko erronkatzat ere planteatu genuen, talde lana bilakatu eta goi mailako euskara ikasle talde bateko ikasleei proposatu baikenien berau egitea. Esperientzia ederra izan zen, eurak ere ikusi ahal izan baitituzte emaitzak, hedapen handia izan duen konpromiso handiko material batean gainera”, azaltzen dute Euskaltzaleak-etik.


[Euskarazko azpitituluak irakurtzeko, bideoaren konfigurazioan sartu behar da, bertan azpitituluetan eta ‘vasco’ hizkuntza aukeratu]

‘La memoria’ abestiaren bideoa Gabriel Schermanek eta Elio Kapszukek ekoiztu zuten; musika zuzendaritza, berriz, Lito Vitaleren ardura izan zen eta zuzendaritza orokorra Sebastián Orgambiderena. Bost milioitik gora ikustaldi lortu ditu du orain arte bideoak eta Platinozko Saria jaso zuen Hermes Creative Nazioarteko Lehiaketan. 2016ko Las Vegasko Grammy Latinos sari emanaldian ere proiektatu zuten.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia