Ezker-eskuin, Pierro Etcharren, NABOko Mus arduraduna, eta bi bikote irabazleak, Homedale eta Los Banosekoak (arg. NABO)
Zaletasun handia dago munduko euskal etxeetan musarekiko, eta Estatu Batuak ez dira salbuespen. NABO federazioko kide diren ia euskal etxe guztiek bidali zituzten ordezkariak joan den asteburuan Kaliforniako Caruthers-en egin zen final nazionalera. Fresnoko Euskal Etxea antolatzaile. Andrés Lejardi eta Gregorio Undabeitiak osatutako bikotea (Homedaleko Toki Onakoa, Idahon) izan zen irabazle; bigarren, Amador Zabalbeascoa-Victor Albistur bikotea, Kaliforniako Los Banosekoa.
Caruthers, Kalifornia, AEB. Joan den larunbatean, ekainaren 10ean, Campos anaia erroibartarren Campos Brothers Farms-en instalazioak NABOren --Ipar Ameriketako erakundeen federazioa-- Mus Txapelketa Nazionaleko egoitza bilakatu ziren. 43 bikote bildu ziren Txapelketara, jokoan egonik euretako nork izango duen Estatu Batuak ordezkatzeko ohorea datorren Munduko Mus Txapelketan, aurten kointzidentziaz Estatu Batuetan jokatzekoa den norgehiagoka, hain zuzen, abuztaren 25etik irailaren 3ra, Kaliforniako San Frantzisko eta Chinon, hurrenez hurren.
Muslarien eguna goizeko zortzietan hasi zen, partaideen izen-ematearekin. Hala da beti. Segidan, ordutegia zintzo errespetatuz. bederatzietan ekin zitzaion Txapelketari. 43 bikoteak sei mahaitan banatuta, pixkanaka, partidak jokatzen joan ziren, azkenean bi bikote finalistak geratu arte. Finala, beraz, bi hauen artean jokatu zen. Txapela, Homedale-ko (Idaho) Toki Ona Euskal Etxeko Andres Lejardi eta Gregorio Undabeitiak jantzi zuten; bigarren geratu ziren Amador Zabalbeascoa eta Victor Albistur, Kaliforniako Los Banoseko Euskal Etxeko ordezkariak.
Aurten gertatzen da, gainera, Estatu Batuak Munduko Mus Txapelketako antolatzaile denez, txapelketara bi bikote bidaltzeko probilegioa daukala eta beraz, bi bikote irabazle hauek, biak sailkatu dira abuztu-irailean norgehiagoka nagusian aritzeko.
Txapelketa bukatuta, larunbatean Caruthers-en zeudenek indarra eta gogoa aski izan zuten elkarrekin moladu goxo batzuk, dantzatzeko musika etabatez ere giro ezinhobea partekatzeko. Antolatzaileek, aukera hau baliatu nahi izan dute esker biziak emateko parte hartu zuten guztiei eta esker bereziak emateko, euren eskuzabaltasuna eta abegikortasunagatik, lekua utzi eta anfitrioi apartak izan ziren Campos familakoei. Mila esker handi bat!
-Euskal Gizataldeen arteko Munduko Mus Txapelketaren webgunea: http://globalmus.com